Euskerazko ia 100 eduki eta baliabide digital batu ditue 'Gozatu Sarean Euskeraz' atarian
2020-06-04 13:36 KultureaWebserieak, aplikazinoak, umeentzako webguneak edota eskuko telefonoetarako olgetak dagoz bertan.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saliak martxan jarri dau Gozatu Sarean Euskeraz ataria, ingurune digitalerako euskerazko edukiak eta baliabideak batzen dituana. Momentu honetan ia 100 baliabide digital dagoz bertan, tartean, webserieak, aplikazinoak, webguneak, eskuko telefonoetarako olgetak eta umeentzako hainbat baliabide. Atarian sartutako produktu guztiek Eusko Jaurlaritzearen babesa jaso dabe eta orain egindako lan hori ezagutarazoteko asmoz, zabalkunde-kanpaina bat egingo da gizarte-sareetan.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzeak urteak daroaz ingurune digitalerako euskerazko edukiak eta bestelako baliabideak diruz laguntzen eta sustatzen. Horren ondorioz, diru-laguntza deialdietan edo beste sustapen-lerro batzuetan parte hartu daben guztiei esker, euskerazko baliabide ugari dagoz sarean, batzuk entzute handikoak baina, zoritxarrez, beste batzuk Interneteko zabaltasunean galdu dira.
Ingurune Digitalean Euskerea Sustatzeko Deialdian esleipendun izan diranei eskatzen jake produktuak zabaltzeko eta egin egiten dabe, baina, halan da be, kasu batzuetan ez da erraza baliabide horreek ezagun bilakatzea eta horren ardureagaz eta pandemiaren boladan sareko baliabideek hartu daben indarra kontuan hartuta, beste pausu bat emotea erabagi dogu, adierazo dau Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak.
Eusko Jaurlaritzeak ekimen bi jarri ditu abian eduki eta baliabide horreek dinamizetako: Batetik, horreek guztiak biltegi digital batean batu ditu, gozatusareaneuskaraz.eus atarian. Bertan dagoz umeentzako baliabideak (Irrien Lagunak, Eskulanak, Bitxikeriak.eus, Liburu Gaztea...), webserieak (Otsoen Lurraldea, Bizi Txarra, Puntu Koma, Nomofobikoak...), helduentzako baliabide eta aplikazinoak (Egunean Behin, Pagotxa.eus...) edota kirolari buruzkoak (Euskal Kirolari, Mendiak, Hamaika Minutu...).
Bestetik, produktu horreek zabaltzeko kanpaina bat abiatzea erabagi dau, aurretik egindako zabalkunde lanari bultzadea emoteko. Kanpaina hori gizarte-sareetan egingo da, (Youtube, Instagram, Twitter eta Facebook), datozen hileotan; hasieran kirolari eta aisialdiaren ingurukoak sustatuko dira eta horren ostean, kulturearen ingurukoak. Eusko Jaurlaritzeak inoiz sustatutako produktuak aukeratu dira zabaltzeko. Kanpainearen mezua Gozatu Sarean Euskaraz! izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!