Amorebono bigarren kanpainea udearen aurretik hasiko da

Bizkaie! 2020-06-04 09:55   Pil-pilean

Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko sare ekonomikoari eusteko konpromisoa agertu dau.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 285.000 euro inbertiduko ditu (20.000 lehenengo edizinoan), herriko negozioek osasun eta ekonomia larrialdiagaitik bizi daben egoera larria arintzeko.

Udea hasteko oso gitxi falta da eta 57.000 bono salgai jartea da asmoa. Kanpainea abenduan amaituko da eta miloe bat euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa izango dauela aurreikusten da. Gaurtik aurrera Amorebieta-Etxanoko negozio guztiek izena emon ahal izango dabe, euren jarduera edozein dalarik be.

Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko konsumoa suspertzeko sekula egin dan kanpainarik handiena martxan jarri dau, miloe bat euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa izango dauena. Amorebono 2020ko udearen aurretik dator eta 285.000 euroko inbersino bategaz egingo deu, igazko edizinoagaz konparauta, % 1.325 gehiago. Inbersinoa polito handitzeaz gan, Udalak kanpainearen iraupena luzatu dau: Amorebonoren bigarren edizinoa udearen aurretik hasiko da eta abenduan amaituko da, herriko negozioek COVID-19ak eragindako osasun eta ekonomia larrialdiagaitik bizi daben egoera larria arintzen laguntzeko. Zehatz, 57.000 bono jarriko dira salgai, 2019an baino 30 aldiz bono gehiago, orduan 2.000 bono izan baitziran.

Izena emoteko orria eskatu behar da posta elektronikoz sustapena@amorebieta.eus helbidean edo aurrez aurre, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak horretarako jarriko dauen bulegoan (Urbano Larruzea kaleko bulego teknikoaren etxabeak), astelehenetik barikura 07:30etik 15:00etara.

Kanpaina honetan parte hartzeko aukerea izango dabe merkatariek, ostalaritzeak eta lehenengo sektoreak, baita parte hartu nahi daben Amorebieta-Etxanoko negozio guztiek, jarduerea edozein dalarik be, 10 langile baino gehiago ez baditue.

Datozen egunetan, aurrekaririk ez dauen kanpaina honen barri emongo jake Amorebieta-Etxanoko herritar guztiei: 20 euroko balioa daben bonoak erosi eta 2020ko abenduaren 15era arte trukatu ahal izango dira. Konsumitzaileek 15 euro pagauko ditue bonoko eta ganerako 5 euroak Amorebieta-Etxanoko Udalak pagauko ditu.

Amorebono 2020 kanpainearen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko sare ekonomikoari eusteko konpromisoa agertu dau barriro be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu