Bilbok bat egin dau Bizikletearen Munduko Egunagaz
2020-06-03 11:37 Pil-pileanUrian gero eta gehiago erabilten dan garraiobidea da.
Gaur Bizikletearen Munduko Eguna da, Nazino Batuek holan izentau ebelako bagilaren 3a, 2018an. Bilboko Udalak bat egin dau, izan be, urian bizikletea erabilteko ohitureak nabarmen egin dau gora azkenaldion. Osasun larrialdiak igoera horretan zerikusia dauela uste dau Udalak, jentearen arteko distantzia gordeteko garraiobide aproposa dalako.
Bizikletearen erabilerearen harira Bilboko Udalak emondako datuek jokera hori argi eta garbi erakusten dabe. Maiatzaren 25eko astean, uriko bidegorrietan ipinitako hamar kontagailuek 66.425 bizikleta kontau zituen, aurten egon dan kopururik handiena. Alarma egoerearen aurretik ezarritako errekorra askoz bajuagoa da (46.755).
Mobikortasun eta Jasangarritasun Sailak egiteko asmoa dauen hobekuntzei esker, hurrengo hileotan bizikletearen erabilereak gora egiten segidutea espero dau Udalak. Bizikletak maileguan lagatzeko zerbitzua, BilbaoBizi, da ahalegin gehien egingo dan alorretako bat. 2018an 373.000 bidar erabili zan zerbitzua, eta 2019an, miloe bateko markea askogaitik pasau eban.
Bizikletearen erabilerea bultzatzeko beste neurri esanguratsu bat egunotan iragarri dau Udalak: Bilboko kale guztietan 30 km/h-ko abiadurako mugea ezarriko dabe udea amaitu baino lehen. Batez be, segurtasuna emongo deutse horrek txirrindulariei, autoak ez diralako horren bizkor ibiliko.
Gaur egun, 57,3 kilometroko bidegorri sarea dauka Bilboko udalerriak. Urtea amaitu orduko 59,6 km izango dirala aurreikusi dau Udalak, martxan dagozan proiektuak kontuan hartuta.
Gero eta jarrera sendoagoa dau Bilboko Udalak bizikletearen alde: Mobikortasunerako aukera garbia da, garraiobide merkea eta irisgarria, eta erosoena distantzia laburretarako (8 km-ra arte, adituen arabera). Ganera, ohitura osasungarriak bultzatzen ditu eta urian zaratea gitxitzen laguntzen dau. Horregaitik egin dau bat Bizikletearen Munduko Egunagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!