Microsoft-ek Bilboko Injinerutza Eskolako proiektu bat aukeratu dau

Bizkaie! 2020-06-01 12:13   Pil-pilean

Adimen artifizialeko Ai For Earth ekimenerako proiektua da.

Microsoft erraldoi teknologikoak 15.000 dolarreko bekea emon barri deutso offshore aire-sorgailuen errendimendua hobetzeko Bilboko Injinerutza Eskolako Eskolako ikasle batek aurkeztutako proiektuari. Laguntzinoa AI for Earth izenekoaren (Adimen Artifiziala Lurrarentzat) bitartez emon da. Bill Gatesen enpreseak ingurumena konserbetako barrikuntza onenak bilatzeko dauen ekimena da eta oraingo honetan, Lander Galera ikaslearen doktoretza tesiak, euren oinarri diran eta itsasoaren baldintzak jasaten dituen plataformen gorabeheren ondorioz itsasoko aire-sorgailu flotagarriek izan leikezan potentzia galerak neurtzeko modua aztertzen dau; horreek turbinaren errendimenduan izan leikie eragina eta, ondorioz, elektrizidadea sortzeko kostuan.

Maria izena hartu dauen proiektua Jesús Mari Blanco Eskolako irakasleak eta Gregorio Iglesias Irlandako University College Corkeko irakasleak zuzendu dabe, izan be, Blanco irakaslea izan zan proiektuaren hautagaitzea Microsoft-en aurrean aurkeztu ebana, enpresa multinazionalak antolatutako workshop-a gainditu eta gero. Beste sustatzaile batzuek be azaldu zituen euren proposamenak workshop horretan.

Bekearen 15.000 dolarrei esker, Lander Galerak Microsoft beraren lainoko konputazino zerbitzu sofistikatua (Azure) erabili ahal izango dau eta horrek proiektuaren lanketea azkartuko dau. Plataforma horrek sare neuronal artifizialen (datuetan oinarrituta aurreikuspenak egin leikiezan sistemak) entrenamendua erabilten dau eta, ondorioz, offshore aire-sorgailuen errendimenduan eragina daben aldagai guztiak lortzeko beharrezkoa dea simulazino prozesua nabarmen murrizten da, olatuen norabide, aldizkakotasun eta altueratik hasi eta haizearen abiadurara, aire-sorgailuaren baldintza mekanikoetatik igaroz.

Microsoftek emoitza onak ikusten baditu, babesak jarraipena izango dau eta proiektua bigarren fasean sartu ahal izango litzateke, oraingo honetan garapen aplikatura zuzendutako finantziazino lerro barriagaz.

Bill Gatesen konpainiak energia barriztagarriak, bioaniztasuna, ur-baliabideen kudeaketea, nekazaritzea edo klima-aldaketeagaz lotutakoo proiektuak bilatzen ditu mundu osoan AI for Earth ekimenaren bitartez, horreek bultzatzeko, sustatzaileei Microsoftek jorratutako adimen artifizialeko soluzino guztiak eskainiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu