Bilbok 'Uri eta Tokiko Gobernu Batuak' erakundeko Batzordean parte hartuko dau gaur

Bizkaie! 2020-05-29 09:43   Pil-pilean

Bilbo oraintsu hautatu dabe Bilbo Balioen Uria proiektuaren buru izateko.

Bilboko Udalak CGLUren (Uri eta Tokiko Gobernu Batuak), tokiko gobernuen eta urien nazinoarteko erakunderik handieneko Batzorde Ejekutiboaren bileran parte hartuko dau gaur, barikua. Bilerea Erroman egitekoa zan baina koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, birtuala izango da.

Goi-bileran interes handiko gaiak eztabaidatuko dira, esaterako, ONU75 prozesua (Nazino Batuen 75. urteurrena), baliogarria izango dana munduko publikoak eta sektore guztietako alderdi interesdunek multilateralismoaren etorkizunari buruz eta munduko jokeren kudeaketan dauen eginkizunari buruz daben eretxia jasoteko. Klima-aldaketea, gorabehera demografikoak, teknologia barriak eta parekotasunik eza, baita CGLUren estrategia be, COVID-osteko aroan, be jorratuko dira. Era berean, lankidetzea indartu gura da osasun-krisiari erantzuteko eta zelan integrau klima-ekintzea COVID pandemiari eta pandemiatik ateratako neurriei erantzuteko.


Bilboren eginkizun aktiboa

Bilera horretan, Bilbok eginkizun aktiboa izango dau, CGLUren ekimen barri baten aurkezpenean -Local4Action Hub- Bilbao Balioen Uria proiektuan nagusi izateko hautatu dabelako. Udalak bultzatutako ekintza parte-hartzailea da, baina hasieratik herritarren lankidetzeagaz eregitakoa. Uriak jasangarritasunari buruzko tokiko ikuspegia gai honi buruzko alkarrizketa globalaren erdigunera eroateko aukera estrategikoa da eta horretan CGLU bazkide estrategikoa da.

Local4Action Hub CGLUk landu eta gaur aurkeztu da lehen aldiz. Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) kokatzeko nazinoarteko estrategia kide guztien praktika eta ekimenetan oinarritu nahi dau. Tokiko politikak eta prozesuak ikusarazteko, autortzeko eta bultzatzeko plataforma bat eskaini nahi dau eta, aldi berean, sareko jarduerea eta parteakaz sinkronizazinoa sustatu.

Nazinoarteko foroetan aurkeztuko dira eta, gitxienez, urtean behin batuko dira guztiak. Era berean, CGLU marka espezifikoa lortzea ahalbidetuko dau, Local4Action Hub bat jorratzen daben uriei emongo jakena.

Bilbao Balioen Uria proiektua CGLUren lehenengoetako Local4Action Hubs zuzentzeko hautatu izanak eta proiektu hori faktore erabagigarria izateak Europako Diplomea jasoteko (Europako Kontseiluak orain dala gitxi eondako aintzatespena eta Europa Sari ospetsua lortzeko lehen pausua), berretsi egiten dabe Bilboko Udalak egindako apustua, azken hamarkadetan uria eraldatzen lagundu daben ahalegin kolektiboak eta alkartasuna ikusarazoteko.


Bilbo CGLU-n

Bilbo CGLUko partaide aktiboa da 2004tik eta 2013an haren Munduko Kontseiluan sartu zan. Gainera, Bilbo Uri Digitaletako Praktika Komunidadearen buru da eta CGLUko Kultura Batzordeko lehendakariordetzea dau. 2015ean, nazinoarteko erakunde horren Kulturearen Lehen Goi Bilerea antolatu eban. 2018an, Bilbo Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren bardintasunari, aniztasunari eta inklusinoari buruzko Konferentziaren egoitzea izan zan.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea Danontzako aukerak, urietako kultura eta diplomazia: garapen jasangarrirako eta bakerako gakoak izeneko kontseilu politikoko presidentekidea da; bertan, kulturearen funtsezko balioak zelan babestu, urien diplomazia eta gaitasunen garapenaren bidezko lankidetzea zelan sustatu eztabaidatu gura da, baita alkartasuna eta bakea sustatu be garapen iraunkorrerako oinarri legez.

CGLUren Batzorde Ejekutiboari jagokonez, proposamenak egiteko eta Munduko Kontseiluaren erabagiak gauzatzeko ardurea dau, baita Munduko Kontseiluak eskuordetutako beste edozein gairena be. Munduko Erakundearen administrazino eta finantza-zuzendaritzearen ardurea be badau eta Munduko Kontseiluaren eta Batzar Nagusiaren bilerak atontzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu