Koldo Bigurik irabazi dau (H)ilbeltza bekea
2020-05-28 10:22 KultureaMassimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao euskerara itzuliko dau.
Literatura baltzaren inguruko (H)ilbeltza jardunaldietan aurkeztu eben 2020ko bekearen deialdia, urtarrilean. Handik laster Covid-19a geurera heldu bazan be, pandemiak ez dau ekimenaren martxea geratzerik lortu, eta epaimahaiak dagoeneko ebatzi dau aurtengo saria nori emon, Koldo Biguri gasteiztarrari, hain zuzen. Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao lana euskeratuko dau, eta ondo bidean, 2022ko urtarrileko (H)ilbeltza jaialdian aurkeztu.
Joseba Otondo Baztango alkatea, Josu Barambones (H)ilbeltza alkartearen ordezkaria eta Garazi Arrula Ruiz Txalaparta argitaletxekoa egon dira epaimahaian. Carlottoren jatorrizko testuaren estiloari zehaztasunez eta zentzunez jarraitu deutso Bigurik, epaimahaikideek azaldu dabenez. Alkarrizketa biziak eta italierazko lagunarteko hizkerea euskerara ekarteko ahalegina be azpimarratu dabe, joskera arin eta erosoaz gan.
(H)ilbeltza bekeari esker, Koldo Bigurik lan osoa itzuli ahal izango dau. Horretarako, 3.000 euroko saria emon deutse antolatzaileek, eta amaitzean, beste 3.000 euro jasoko ditu. Aurtengo edizinoan hamar hautagai aurkeztu dira.
Euskerazko literatura baltza bultzatzeko helburua dau (H)ilbeltza bekeak, izen bereko jaialdi literarioagaz batera. Baztan da sariketearen zein jaialdiaren egoitzea, Nafarroako eskualde horrek euskal literatura baltzaren jaiotzeagaz zerikusi handia dauka eta: Jose Antonio Loidiren Amabost egun Urgain'en eta Mariano Izetaren Dirua galgarri dira euskerazko lehenengo nobela baltzak, biak Baztanegaz lotuak. Bekea urtero emoten da, urte bakoitietan sormena bultzatzeko, eta bikoitietan, itzulpengintzea.
Koldo Biguri Otxoa de Eribe (Gasteiz, 1962), filologoa ikasketaz, batez be itzulpengintzan nabarmendu da. Hainbat obra euskeratzeaz gan, gai horretako irakasle da EHUn. Napoliko unibersidadean be ibili zan irakasle tarte batez, izan be, italierazko literaturea da Bigurik gehien itzuli dauenetako bat. Senez aldizkariko zuzendari (1994-99) eta EIZIE alkarteko lehendakari (2000-02) izan zan. Euskaltzain urgazlea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!