Enkarterriko Museoak bagilaren 2an zabalduko ditu ateak
2020-05-28 09:58 KultureaEdukierea % 50era mugatuta egongo da.
Bizkaiko Batzar Nagusiak jaube dan Enkarterriko Museoak, datorren martitzenean, bagilaren 2an, zabalduko ditu barriro ateak jentearentzat, Covid-19a dala eta aldi baterako zarratzea agindu aurretik indarrean eukan ordutegiagaz. Hori dala eta, Abellanedako Batzarretxean (Sopuerta) dagoan kultur zentroa, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, martitzenetik zapatura (bagilaren 2tik aurrera, arratsaldeko ordutegia 17:00etatik 19:00etara bitartekoa izango da) eta, 10:00etatik 14:00etara domeketan eta jaiegunetan. Sartzea doban da.
Enkarterriko Museoko arduradunak, normaltasunera berme guztiakaz bueltetako ibili dira beharrean instalazino guztietan Bizkaiko Batzarretako, Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako zein Osasun Ministerioak ezarritako jarraibideak zorrotz betetako protokoloa kontuan izanda. Holan, osasun arloko jarraibideei eutsiz, Enkarterrin dagoan museoak % 50era mugatuko dau edukierea. Barruan, areto bakotxean, gehienez 5 persona egongo dira, bisitarien artean metro biko distantzia bermatu ahal izateko.
Gainera, Enkarterriko Museoak osasunagaz lotutako hainbat jarduera jarri ditu martxan. Gel antiseptikoen banagailuak jarri dira museo osoan (sarreran, igongailuetan, aretoetan eta bulegoetan), baita alfonbra desinfektatzaileak be. Maskarak egongo dira maskara barik datozan persona guztientzat, derrigorrez erabili behar dira eta. Ganera, museoak garbiketa zerbitzuen behar egiteko ordutegi barria ezarri dau, gune komunen higienerako jarduketak sarriago egiteko.
Bertara doazan bisitarien mobikortasunari jagokonez, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan zentroak informazinoa emoten daben kartel barriak instalau ditu, ibilbide seguruagoak ezarri eta personen arteko kontaktua murrizteko. Neurri horreen artean arriskutsuak izan daitekezan elementuak kentzea be jasoten da, argitalpenak eta liburuxkak, adibidez.
Enkarterriko Museoak Bizkaiko gizartea konbidau gura dau barriro, erakusketen esperientziagaz, bertako behargin espezializatuen azalpenakaz eta artearen eta ondarearen ikuspegitik balio handikoak diran pieza ugariakaz gozau daian. Igaz, 15.003 personak (2018an baino %15 gehiago) bisitau eben Abellanedako Batzarretxean dagoan kultur zentroa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!