XV. Tene Mujika bekea, hurreko historiaz idazteko
2020-05-27 10:53 Kulturea6.000 euroko dirulaguntzea dakar bekeak.
Debako Udalaren eta Elkar argitaletxearen ekinbidez, Euskal Herriko hurreko historia zabaldu eta gure literaturea aberasteko asmoz dator XV. Tene Mujika bekea, 6.000 euroko dirulaguntzea emongo dauena.
Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako persona, talde, jazoera edo mobimenturen bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkeztu daitekez, berbarako, biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, alkarrizketak zein ikerketak; lanak jatorrizkoa eta euskeraz sortua izan beharko dau, aurrez argitaratu nahiz saritu bakoa.
Proiektuak aztertzean, ezaugarri bi hartuko dira batez be kontuan: testuaren beraren kalidadea eta gaiaren interesa. Ez da fikzinorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak holan nahiko baleu; dibulgazino-lanak bezela egin daitekez ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
Parte-hartzaile bakotxak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, epostaz atxikitako dokumentuan:
a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emondako lanak aitatuz, baita hartu-emonetan jarteko helbide eta bestelakoak be.
b) Idatzi nahi dauen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki eretxitako ezaugarriak zehaztuz, besteak beste, gaia, egiturea, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzerea, estiloa...
c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.
Kontuak kontu, proiektuak, 2020ko abenduaren 9ra arte bialdu behar dira helbide honetara: artxiboa@deba.eus
Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osotutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta horreen arteko bat izentauko dau irabazle 2021eko urtarrila amaitu baino lehen. Aurkeztutako lanek behar besteko kalidaderik ez dabela erabagi ezkero, bekea emon barik itxi leikie epaimahaikoek.
Bekako diru-kopuruaren erdia, izentau bezain laster jasoko dau irabazleak eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan, lehen erdia jasoten dauenetik urtebetera hain zuzen be.
Azken buruan, irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango dau gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazoteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango baleu, epaimahaikoei jakinarazo beharko deutse aldaketearen barri eta hareen onespena jaso beharko dau.
Idazleak bere lana entregauko ez baleu edo idazlan horren izakerea eta kalidadea, epaimahaikoen eretxiz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko dau jasotako dirua.
Dirulaguntzinoa jasotako idazlanaren jaubetzea egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango dau beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzinoaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik.
Elkar argitaletxeak argitaratuko dau idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko deutsoz egileari. Epaimahaikoek onespena emoten dabenetik sei hilebeteko epean kaleratu beharko da liburua eta bertan bekearen aitamena egingo da nahitaez.
Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat emotea dakar eta horreen ulermenean dudaril balego, epaimahaikoei jagoke erabagitza eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileek erabagiko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!