Karlistaldietan girotu dau Anjel Lertxundik nobela barria
2020-05-27 09:56 KultureaJazoera historikoetan baino, pertsonaien jokabidean ipini dau arretea.
Gilles de Rais pertsonaia orain dala 25 urte idatzitako ipuin baten erabili eban Anjel Lertxundik lehenengo aldiz. Orain barriro jo dau beragana, baina formatu zein istorio aldetik guztiz independentea da Alberdania argitaletxeagaz plazaratu barri dauen Gilles de Rais nobela laburra. Hirugarren Karlistaldiaren (1872-76) giroan kokatu dau liburua idazle gipuzkoarrak, baina gerrako jazoera historikoetan baino, istorioan agertzen diran pertsonaien jokabidean, gogoetetan eta aukera moraletan sakondu dau gehienbat.
Vincent antzerkigile frantsesa da nobelako narratzailea eta istorioaren ardatz nagusietako bat. Agintari karlista batzuen agindu bitxia jasoko dau: Karlisten tropen animoak biztuteko antzezlan bat sortzea, eta Joana Arc-ekoa pertsonaia historikoa istorioaren parte izatea.
Planteamendu horrek aukerea emon deutso Lertxundiri norbanakoen erabagien inguruan gogoetea egiteko. Vincentek bere sormena saltzen dau diruaren truke, gerra propagandarako antzezlana egin dauelako. Bere buruari egindako traizinoa balitz legez, zalantza horretan sartuko da Vincent.
Azterketa moraletan aurreko lanetan baino gitxiago sartu dala onartu dauen arren, Lertxundik gai ugari jarten ditu mahai ganean Gilles de Rais nobelan: Poterea eta honen erabilerea, duintasuna, pertsonaien kontraesanak... baita hizkuntzen erabilerea be.
Euskal Herriaren historian garrantzi handiko momentua izan bazan be, Karlistaldiko jazoera historiko zehatzak ez ditu gehiegi aitatu Lertxundik, ez dau istorioa alderdi horretara eroan nahi izan, unibersaltasunaren alde egiteko asmoz. Benetan bizi izan ziran orduko persona gitxi aitatzen dira, horreetako bat Karlos VII.a erregegaia. Erdi Aroan bizi izan bazan be, Gilles de Rais be agiri da, nobelako pertsonaien interesen arabera erabilten dan figura lez.
2019ko udagoienean argitaratu eban Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak, itzulpengintzearen eta literaturearen inguruko saiakera mamintsua. Gilles de Rais honegaz, beraz, fikzinora bueltau da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!