2020ko Irudika gero eta hurrago

Bizkaie! 2020-05-27 08:22   Kulturea

Urriaren 29tik 31ra egingo da.

Ilustrazinoaren nazinoarteko Irudika topaketa profesionalak ezagutzera emon ditu artistei laguntzeko eskainitako egonaldietan egindako irudia eta animazinoa, 2020ko edizioko kartela eta spot-a egiteko erabiliko diranak. Araiz Mesanzaren ilustrazinoa eta Raquel Meyersen animazinoa erabili dira jakinarazoteko Irudika ekitaldiaren laugarren edizioa urriaren 29tik 31ra egingo dala, parte-hartzaile guztien osasuna bermatuko dauen formatuagaz.

COVID-19aren osasun krisiaren ondoriozko alarma egoereak zapuztu egin eban ilustrazino eta animazino arloak sustatzeko Irudika topaketearen laguntzino programearen azken fasea. Irudika egonaldiak martiaren 15ean amaitu behar izan ziran, Angoulême-ko Maison des Auteurs zentroko egonaldian. Araiz Mesanza eta Raquel Meyers artistek eginda eben ordurako egonaldia Bilbaoarte baliabide zentroan eta Angoulêmen egozan egonaldien amaierako prozesuko erakusketea inauguretako prest. Zoritxarrez, apirilaren 6an egitekoa zan ekitaldia 2021era atzeratu behar izan eben. Araiz Mesanza Oslora bueltau zan, han bizi baita, baina Raquel Meyersek Angoulême-n igaro behar izan dau itxialdia, ezin izan baitzan segurtatu itzulerako bidaian ez ebela behartuko itxialdiren bat egitera eskala-urietako batean.

Behin konpondu ondoren egonaldiak egiten egozan artisten egoerea, Irudikak argitara emon ditu Araiz Mesanza eta Raquel Meyersek eginiko lan personalen emoitzak. ondokoak dira artista horreek egin dituen lanak:

Araiz Mesanza (Gasteiz, 1983)

Mesanzaren lana uniberso grafikotzat erabiliko da beragaz janzteko Irudika topaketearen kartela eta bere sekzinoetako kartelak. Araizen beraren berbetan, naturea personifikau nahi izan dot zeozela eta kulunka bat sortu errealiddearen eta magiaren artean. Eta keinu bat egin oso trinkoa eta denpora berean oso arina dan grabidade indar moduko bati, etenbarik aldatzen dabilena.



Raquel Meyers (Cartagena, 1977)

Raquelek teletestu bidezko animazino bat sortu dau, gogoetea egiteko gure beharrik izango ez dauen etorkizun bati buruz. Finantza-matematikearen, algoritmoen eta teknologiaren basakeriaren menpean egongo dira arrazoia eta bizitzea; giza izakerea apustu ekonomiko bihurtu da, gizakiok Antropozenoko tekno-hondakin bilakatzen gaituana.

Egonaldiek diru-sari bat izan dabe, baita poltsa bat dieta, material eta garraio gastuetarako (2.100 euro). Irudikaren egonaldi programea aurrera eroatea posible da Eusko Jaurlaritzearen, Vital Fundazinoaren eta Euskal Irudigileak alkartearen ekarpenei (ilustrazino kategorian) eta Acción Cultural de España alkartearen laguntzinoari (animazino kategorian) esker.

Irudika topaketak laguntzaile ditu Angoulême-ko Udala, La Citè Internationale de la Bande Dessinée, Bilbaoarte Fundazinoa, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia.



IV. Irudika 2020an egingo da

Lanok aurkezteaz gan, ilustrazioaren nazinoarteko Irudika topaketak beste edizino bat egingo dauela aurten ezagutarazo deuskue, hiru herrialdetako ilustratzaile profesional, editorial eta agente literarioakaz eta Euskadiko ilustrazino sektoreko eta argitalpen industriako ordezkari askogaz. Laugarren edizio honetara gonbidatutako herrialdeak dira: Quebec, Uruguai eta Frantzia.

Ekitaldiaren antolatzaile dan Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Alkarte Profesionala lanean dabil, osasun baldintzak eta topaketearen martxa ona segurtatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu