Ahozkotasuna eta hezkuntzea, Udako Ikastaroetan aztergai

Bizkaie! 2020-05-26 10:37   Bertsolaritzea

Mintzolak antolatuta, online edo lekuan bertan egin ahal izango da egun biko kursoa.

Mintzolaren saio bat EHUren Udako Ikastaroen aurreko urteetako saio baten (argazkia: Mintzola) | Ikusi handiago | Argazki originala

Garagarrilaren 9an eta 10ean egingo dabe Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika izeneko ikastaroa, EHUren Udako Ikastaroen programazinoaren barruan. Mintzola Ahzoko Lantegiak antolatutako jarduera horretan, hezkuntzan ahozkotasuna jorratzeko moduak eta ikasgelatik kanpora izan leikezan onurak aztertuko ditue, adituen eskutik.

Gehienbat, euskereari lotutako ikasgaietan lantzen da ahozkotasuna gaur egun, Mintzolak azaldu dauenez. Baina ahozko komunikazinoa hezkuntza prozesuko eta hortik kanpoko momentu askotan agiri da. Antzerkia, bertsolaritzea, kantua... horreen bidez ahozkotasuna modu gozagarrian landu daiteke, eta eragin ona izan leike ikasgelatik kanpoko ohituretan be, dinoe ikastaroaren antolatzaileek.

Lehenengo egunean, ikasgeletan ahozkotasuna lantzeko hainbat esperientzia didaktiko ezagutzeko aukerea izango dabe parte-hartzaileek. Horretarako, Arantxa Hirigoien, Gotzon Barandiaran eta Mikel Artola konbidauko ditue, antzerkiaren, kantuaren eta bertsolaritzearen inguruko ikuspegia emon deien.

Hezkuntza arautuan ahozkotasuna lantzeari eta horrek gazteen hizkuntza eta hartu-emon ohituretan izan leiken eraginari buruz egingo dabe berba Olatz Bengoetxeak, Aroa Murcianok, Ainhoa Ezeizak eta Joxerra Garziak. Hori bigarren egunean izango da.

Ikastaroaren egitarau zehatza hemen.

Covid-19ak eragindako osasun larrialdiagaitik, Mintzolak eta EHUren Udako Ikastaroek kursoa egiteko modu bi ipini ditue aukeran: Online eta presentziala. Donostiako Miramar jauregian izango dira aurrez aurreko saioak, beharrezko osasun neurriak hartuta, baina nahiago dauenak etxetik segidu ahal izango ditu. Modu baten zein bestean matrikulea egin beharko da, presentzialean 77 euro pagauta, eta onlinekoan, 65 euro.

Beste alde batetik, Mintzolak UEUren Udako Ikastaroen barruan antolatu nahi izan dauen Udako Bertso Eskolea datorren urtera atzeratu behar izan dabe, Covid-19agaitik. Iruñeko Katakrak gunean izan dira egitekoak egun biko ikastaro hori, bagilaren amaieran, baina interesdunek beste urtebete itxaron beharko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu