Herritarren % 78ren ziurbakotasuna handitu egin da konfinamenduan

Bizkaie! 2020-05-25 11:50   Pil-pilean

UPV/EHUk zuzendutako ikerketa proiektua da.

(Argazkia: Rawpixel) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) zuzendu dauen ikerketa proiektu horretan Bartzelonako, Murtzia zein Miguel Hernández, Granadako unibersidadeetako eta UNEDeko ikertzaile banak parte hartu dau.

Etxeko konfinamendua gure herrialdean aspaldi luzean aurrekaririk izan ez dauen egoera bat da eta aurreikustekoa da eragin handia izatea herritarren ongizate fisikoan eta psikologikoan. Jarduera ekonomikoa gelditzeak, ikastetxeak zarratzeak eta herritarrak asteetan konfineteak ezohiko egoera bat ekarri dau, estresa sortzen daben askotariko estimuluz betea. Pandemia egoereak eta konfinamenduak herritarren ongizate psikologikoaren gainean izandako datu zehatzak behar ditugu eta behar horri erantzuten deutso ikerketa honek. Datuok erreferentziatzat erabilten dira zenbait gomendio proponiduteko, oro har, herritarrek eta talde zaurgarriagoek izan leikiezan arazo psikologikoei aurre egin ahal izateko.

Ikerketa taldean, Arantxa Gorostiaga, UPV/EHUko Portaera Zientzien Metodologiaren arloko irakasle titularrak eta Nekane Balluerka, UPV/EHUko Portaera Zientzien Metodologiaren arloko irakasle katedradunak dira ordezkari.

Ikerketeak azterlan bi hartzen ditu barruan eta metodologia kualitatiboa eta kuantitatiboa buztartzen ditu: Autonomia-erkidego guztietako 18 eta 92 urte arteko 6.829 personak parte hartu dabe. Lehen azterlanean, sakoneko alkarrizketa egin jake 40 personari. Horrek aukerea emon dau konfinamenduak eragindako kalte psikologikoaren maileari buruzko informazinoa lortzeko eta ardura eremuetan sakontzeko. Elkarrizketen narrazinoen analisiari esker, intereseko arlo tematikoak identifikau eta horreek, gero, azterlan kuantitatiboan jorratu dira, galdetegien bidez. Bigarren azterlanean, online galdetegi bat erabili da. 6.789 parte-hartzaileko lagin bati egin jako galdeketa eta, horri esker, Espainiako biztanleriara orokortu daitekezan ondorioak lortu dira pandemiak eta konfinamenduak maila emozional eta kongnitiboan nahiz jokabide mailan dituan efektu psikologikoei jagokenez.

Galdetutako personen % 46k esan dabe handitu egin jakela ondoez psikologiko orokorra. Ehuneko hori handiagoa da COVID-19a sufridu daben emakumeen eta gazteen artean.

Era berean, ikerketan parte hartu dabenen irrealtasun sentipenak be indartzen dira: Gizonen % 38k eta emakumeen % 48k esan dabe sentipen hori handitu jakela.

Beste alde batetik, ziurbakotasun handiagoa daben personen ehunekoa (% 78) da eta ehuneko hori handiagoa da COVID-19aren sintomatologia edo diagnostikoa izan dabenen eta lanpostua aldi baterako edo betiko galdu dabenen artean. Bestetik, gaixotasun larri bat (COVID-19a edo beste bat) izateko ardura handiagoa; nabarmen areagotzen da hori 60 urtetik gorakoen artean (% 76). Eta, azkenik, maite ditugun personak galtzeko bildur handiagoa; batez be COVID-19a sufridu dabenen artean (% 83).

Gainera, nabarmentzekoa da biztanleen % 43k sentimendu depresiboak, ezkorrak edo etsipenekoak izan dituela. Jokera hori handiagoa da COVID-19aren sintomatologia edo diagnostikoa izan dabenen, konfinamendua bakarrik egin dabenen, emakumeen zein lana galdu dabenen artean eta gazteenen artean.

Parte-hartzaileen % 44k adierazo dabe orain ez dirala lehen bezain baikorrak eta ez dabela lehengo konfidantzarik. Eta ehuneko hori handiagoa da lan egoerak txarrera egin deutsenean, COVID-19aren sintomatologia edo diagnostikoa izan dabenen eta emakumeen kasuan. Herritarren bizitasun eta energia sentimenduek txarrera egin dabe. Beste behin ere, efektu hori handiagoa da emakumeen, gazteen, COVID-19a sufridu dabenen, lan egoera txarrean dagozanen eta pandemiak eragin handiagoa izan dauen lekuetan bizi diranen kasuan.

Oro har, handitu egin dira hasarre sentimenduak (% 47), eta umore aldaketak (% 45). Gehien handitu dira gazteenen, emakumeen eta COVID-19aren sintomatologia edo diagnostikoa izan dabenen kasuan.

Jokabide aldaketei jagokenez, ondokoak dira emoitza nabarmenenak: parte-hartzaileen % 40k baino gehiagok esan dabe kaloria askoko elikagai gehiago konsumidu dituela eta % 46k dinoe ariketa fisiko gitxiago egiten dabela. Sare sozialak gehiago erabilten dituenen portzentaje handia (% 70), telebista ikusten denpora gehiago emoten dabenena (% 67) eta bideo-jokoak gehiago erabilten dituenena, batez be gazteen artean (ia % 64).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu