'Pandemiak, distopiak eta mundu barriak' Jakin Jardunaldian

Bizkaie! 2020-05-25 11:42   Pil-pilean

Garagarrilaren 16an izango da hitzordua, Usurbilen.

Covid-19aren zabalkundeak agirian itxi ditu gure gizartearen gatxak, eta horri helduko deutso Jakin Jardunaldiak, garagarrilaren 16an, Usurbilgo Ikastolan. Pandemiak, distopiak eta mundu barriak izenburupean, gogoetea egingo dabe pandemiaren ikasgaiez eta etorkizunaz. Badogu zer aztertu, zer ikasi, zer aldatu, azaldu dabe Jakin Jardunaldietako antolatzaileek ohar baten.

Lankidetzan antolatutako hitzordua da honako hau, Usurbilgo Udalaren, Jakinen eta UEUren arteko alkarlanetik jaiotakoa. Azken erakunde horren Udako Ikastaroen programearen barruan sartu dabe Jakin Jardunaldia.

Zortzi adituk hartuko dabe parte Usurbilgo saioan: Mario Zubiaga, Joseba Azkarraga Etxagibel, Arantza Etxeberria, Teresa Larruzea, Irati Zubia, Lorea Agirre, Aizpea Otaegi eta Agurtzane Solaberrietak. Ganera, jardunaldirako beste autore batzuek egindako bideoak eta testuak be erabiliko ditue, bertaratutako guztien artean gaur egungo egoeraz eta, batez be, ganean dogun etorkizunaz gogoetea egiteko.

Covid-19ak ikarea zabaldu dau, ikarea errealidade distopikoaz erditu eta distopiak normaltasun barria ekarriko ei dau, adierazo dau Jakineko zuzendari Lorea Agirrek. Ondorio kontraesankorrak agirian itxi ditu osasun larrialdiak, Agirreren ustez: Eskubide soziopolitikoak berrogeialdian, aginte bakarra indarrean, informazinoaren anabasea eta guzurraren zabaltzea; eta horren kontrakarrean, baita jentearen arteko alkartasun uriolea be, distopiari utopia bat.

Badago zeren inguruan gogoetea egin, beraz. Osasun larrialdiak zalantzak sortzen baditu be, jardunaldia egitea erabagi dabe Jakinekoek, igazko edizinoan Maitasuna politikoa da izenburupean izandako arrakastea gogoan eta alkarregaz hausnartzea sekula baino beharrezkoagoa dala eretxita.

Dana dala, segurtasun neurriak ahalik eta ondoen beteteko, aurtengo jardunaldia egun bakarrekoa izango da. Ganera, lekuak mugatu behar izan ditue, eta, beraz, entzule gitxiago sartuko dira Usurbilgo Ikastolako aretoan. Izena emoteko interesa dabenak bizkor ibili beharko dira, epea dagoeneko zabalik dago eta. UEUren Udako Ikastaroen atalera jo behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu