Barakaldo Antzokia izango da Bizkaiko Jantza Etxearen egoitza ofiziala

Bizkaie! 2020-05-25 09:05   Kulturea

Artista eta konpainien entseguak eta publikoari edegitako ikuskizunak hartuko ditu.

Barakaldo Antzokia | Ikusi handiago | Argazki originala

Jantzearen aldeko apustua egin dau Barakaldo Antzokiak Covid-19aren ostean jarduerea berreskuratzeko bidean. Barakaldoko Udalak aurreratu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiagaz hitzarmena sinatuko dabe Bizkaiko Jantza Etxearen egoitza ofiziala bertara eroateko. Barakaldoko uria eta antzokia sektorean erreferente bihurtu nahi ditue. Euskadiko Jantzako Profesionalen Alkarteagaz (ADDE) koordinauta kudeatuko dabe zentroa.

Helburua zera izango da, Bizkaiko artista eta jantza konpainien egoitza artistikoak eta entseguak hartzea, baita profesionalentzako edo herritarrentzako jarduera osogarriak antolatzea be, berbarako, entsegu edegiak, klase magistralak eta abar. Zuzeneko arteen erakustaldia eta gure antzokian presentzia berezia dauen jantza programazinoa osotuko ditu egitasmo barriak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak azaldu dauenez.

Proiektua martxan jarteko, Barakaldo Antzokiko areto bat egokituko dabe, jantza aretoa hain zuzen, gaur egun konpainientzako entsegu gunetzat erabilten dana. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak 50.000 euro emongo ditu, hitzarmen bidez.

Aukera parebakoa da gure uria erreferente izan daiten jantzearen munduan, eta erakarpen eta topaketa puntu bat sortzeko Barakaldo Antzokian, esan dau Amaia del Campok. Kulturearen aldeko apustua egiteaz gan, jarduera ekonomikoa eta enplegua erakarri eta sortu ahal izango doguz Barakaldon. Alkateak azpimarratu dauenez, kulturearen sektorean enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzea lehentasun bihurtu ditu pandemiak.

Antzokia bera itxita dago momentu honetan, Covid-19aren osasun krisiak behartuta. Udalak azaldu dauenez, programazinoa egokitzeko lanean dabiz, ahal danean edegi ahal izateko. Jarduerei irailean berrekitea aurreikusi dau Udalak, baina ezin dau zehaztasunez esan, egoerea aldakorra dalako. Edozein kasutan, bertan behera geratu diran ikuskizunetarako txartelak erosi zituenei dirua bueltauko deutsiela erabagi dabe Antzokiko arduradunek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu