Anuk Harreguy: 'Esperimentua izan arren, laurok oso gustura ibili gara'

Koldo Isusi Zuazo 2020-05-25 07:55   Barriketan

Abeslaria eta gitarristea.

Badator erreleboa. Anuk eta Nora; Haritz Harreguy teknikariaren eta Keu Agirretxea musikariaren alabak eta Mark eta Aiala, Iñigo Zubizarreta Soziedad Alkoholika-ko gitarristearen eta Mauka Musikagintzako 'Ñako' Beato-ren lobak dira, hurranez hurran. Grabaketak norbere etxean eta nahasketak, barriz, Haritz Harreguy Studio entzutetsuan eginak.

Pink artistearen Try kantu ezagunaren euskerazko bersinoa, Zuen ahotsa kantua sortu dabe lau neska gazte horreek eta euren senitartekoakaitik jasotako musikeagazko maitasuna eta pasinoa itzuli nahi izan deutsee.


1.- Erreleboa badatorrela argi dago baina zelan otu jatzuen hau guztia?

Ditxosozko COVID 19 pandemiak eragindako konfinamendu honetan musika dezente jo eta esperimentuak egiten ibili gara, horreetako bat da Pink abeslariaren Try abestiaren bersinoa. Hortik egun batzuetara aitaren estudioan abestia modu originalean grabau eta etxera heltzeaz batera aitak ia letra bat euskeraz sortuko neuken galdetu eustan; gau horretan bertan ilusino haundiz idatzi ta hortik aurrera azken bersinoa grabau genduan bakotxak bere aldetik.


2.- Zer esan eutsun aitak kantua lehenengoz entzun ebanean?

Indar haundia transmitiduten ebala esan eustan baina euskerazko berbak ez ahaztuteko. Aitatu saioetan pozik geratu gara egindakoaz baina oraingoz geuretzat dira.


3.- Esperimentua da, olgetea, jolasa ala aurrera begirako proiektuaren oinarria? Taldekideek zer dinoe?

Momentuz esperimentua da, hori bai, laurok oso gustura ibili gara! Aurrera begira ez dakigu zer jazoko dan, zelan jarraituko dogun... Pixkanaka ikusten joango gara.


4.- Pink taldearen bersinoa polito atondu dozue pop edo pop-rock estiloan. Kantu bakarra ala badaukazuez batzuk gordeta?

Jentaurrean erakutsitako kantu bakarra da oraingoz eta, lehen esan bezela, aurrera begira joango gara aztertzen, gure saioetan sortutakoak plazaratzen doguzan eta ze bide jorratuko dogun.


5.- Alkar ezagutzen zinien? Taldekideak danak zarie musikeagaz lotutako senitartekoak dituzuenak eta hori erabagiorra izango zan taldea osotzeko?

Ez, ez, aurrez-aurre ez ginan ezagutzen. Aitak, Ñakori (Mauka) abestiaren lehen bersinoa erakutsi eta haren lobearen aukerea aitatu eutson, bateria trebea zala eta holakoak; ondoren, euren lagun mina dan Keu Agirretxearen alabea etorri jaken bururan tekladuak joteko. Azkenik, SA-ko Iñigo gitarrajolearen lobeak be bajua joten ebala jakin eta berehala osotu genduan laukotea.


6.- Lau neska gazte, zuk zeuk 13 urte daukazuz. Noiz hasi zinan gitarrea joten?

Etxean beti izan dot gitarra bat baina orain dala urte bi, 11 urte edo nituala, hasi nintzan gitarra eskolak hartzen eta egia esan oso gustura nabil.


7.- Emakumearen indarra musikan ez dago ukatzerik. Amak, Belako, Omago, Sua, Anita Parker... Zuk zeuk be ahots berezia dozu...

Bai, nik uste dot emakumeok musikan indar handia dogula, niri behintzat barru-barrutik ateratzen jat.


8.- Kulturan COVID 19 pandemiak eragin dauen kaltea upealakoa da. Ze ondorio eta ze konponbide aurreikusten dozu?

Nik etxean ikusi dodana da, Haritz aita musikaz bizi dala (musikari, soinu teknikari eta produktore) eta lana egiteari itxi egin behar izan deutsola. Dagoeneko hasi da eta nik uste dot konponbide bakarra arduraz jokatuz aurrera jarraitzea dala.


9.- Musikea eta kulturea online izan doguz azken aldion. Hori da bidea?

Ez, hori momentu honetan gelditu jakun aukera bakarra izan da, baina egoerea lehengora bueltauko dala uste dot, taldeek plazako jarduna behar dabe eta musikarien eta publikoaren arteko bide horretan badagoz landu beharko diran aukerak.


10.- Gizartean ohiturak aldatuko ete dira? Kontzertuen kasuan, zer egin?

Baietz uste dot, gauzak aldatzen joaten dira, musika estiloak, buztarketak... Kontzertuak egiteko modua aldatu daiteke edo aldatuko da nahitaez; orain bizi izan dogun konfinamendua be baliogarria izan da buruak jantzan jarri eta esperimentuak probetako baina nork jakin honek guztiak nora eroango gaituan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu