Gaur egun oinarrizkoak diran balioez gogoetea egiteko deia

Bizkaie! 2020-05-22 11:35   Pil-pilean

Balioen Agiriagaz bat egin daben erakunde eta norbanakoen eretxia batu nahi dau Bilboko Udalak.

Covid-19ak eragindako osasun kisiak larrialdira eroan dau gizarte osoa, baina garrantzitsuak diran balio batzuk be agirian itxi dituala uste dau Bilboko Udalak. Horregaitik, galdetegia bialdu deutse 150 erakunde eta 2.000 persona ingururi, uriaren orainaz eta geroaz gogoetea egin eta oinarrizko balioak zeintzuk diran esan deien. Juan Mari Aburto alkatearen izenean bialdu dira galderak.

Bilboko Balioen Agiria sinatu eben persona eta erakundeak dira galdetegia jaso daben horreek guztiak. Ganera, Bilboko Uri Kontseiluko kideei be bialdu deutse. Udalak jakin nahi dau balioetan oinarritutako ekintzen bidez erantzuten ete jabilkon Bilbo osasun krisiari, zeintzuk izan diran aldi honetan garrantzi berezia hartu daben balioak, eta zeintzuk izango diran giltzarri hurrengo hileotan.

Horrezaz gan, itauntzen jake ze jardunbide behar dituan uriak, zer ikasi dan itxialdian, ze aldaketa nahiko leukiezan krisiaren osterako, eta ze ekarpen egin leiken eurek. Galdetegi zabala da, beraz, Bilboko Udalak atondu dauena, ondorioak batu eta jentaurrean aurkezteko asmoz. Edozelan be, erantzunak anonimoak izango dira.

Parte-hartzean eta alkarlanean oinarritutako prozesu baten ondorio lez, 2018an aurkeztu zan Bilboko Balioen Agiria, uritarren alkarbizitzearen oinarri izan behar diran balioen bildumea. 17 balio nagusi batzen dira, eta horreek gauzatzeko plana be badago martxan. Agiriagaz bat egin dabe 150 entidadek eta 2.000 bat personak, eta nahi dauenak babesa emon leikio orain be, Udalaren webgunearen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu