Kepa Arroitajauregi pelotari ohi eta kazetaria hil da

Bizkaie! 2020-05-22 08:57   Kirola

Iurreta jaioterriaren eta oinarrizko pelotearen alde lan handia egindakoa zan.

Kepa Arroitajauregi | Ikusi handiago | Argazki originala

Ezusteko barria izan da Kepa Arroitajauregiren heriotzea euskal pelotearen munduan, bapatean hil dalako, bihotzekoak jota, 48 urtegaz. Pelotari profesionala izan zan tarte batez, baina, batez be, kirol horren sustapenean egindako lanagaitik egin eban lekua zaleen eta jokalarien bihotzetan.

Gazte askori hobetzen lagundu eutsen Durangaldeko pelota-eskoletan: Iurreta, Zornotza eta Abadiñokoetan ibili zan eta azken herri horretako trinketeko kudeatzaile be izan zan. Euskal Herriko Pelota Federazinoan sartuta egoan, eta txapelketa batzuk antolatzen laguntzen eban. Ganera, Munduko Pelota Batzarreko burua zan.

Peloteak bere bizitzearen zati handi bat hartzen eban arren, Kepa Arroitajauregik sekula ez eban herrigintzea albo batera itxi. Iurretako Oromiño auzokoa izanik, udalerriko kofradien alkarteko batzordekidea izan zan luzaroan, eta omenaldia be egin eutsen zeregin horretan pasautako urte guztiakaitik. Ardura ugari izan zituan kofradiako ordezkari lez, baina haren ingurukoek dinoenez, beti eukan astia behar ebanari laguntzinoa emoteko edo egitasmoetan parte hartzeko.

Ogibidez pelotearen munduari lotuta egoan arren, kazetaria be bazan, ikasketaz eta eguneroko jardunean. Komunikabide ugaritan kolaborazinoak egiten zituan, eta, jakina, pelotea aztertzea zan bere zeregin nagusia. Bizkaia Irratian Horma bikoa asteroko saioa aurkezten eban, eta partidu garrantzitsuetan zuzeneko esatari ibilten zan, frontoietako giroa inork baino hobeto ezagutzen ebalako.

Kolpe gogorra izan da, beraz, Arroitajauregiren heriotzea, bapatean eta gazterik joan dalako. Bizkaiko pelotearen eta hedabideen ordezkarien dolumin-mezu ugari eragin ditu barriak, baita Iurretako herrikideenak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu