XIII. Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria martxan

Bizkaie! 2020-05-21 09:03   Pil-pilean

Euskal ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari barriak soziolinguistikara erakartea dira helburuak.

EHUk eta Soziolinguistika Klusterrak XIII. Txillardegi-Hausnartu Sarien deialdia zabaldu dabe, euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta barrikuntzea bultzatzeko. Euskerearen soziolinguistikako ikerketak eta gogoetak aurkeztu leitekez, oinarri zientifikoa baldin badabe. Lanak aurkezteko epea irailaren 18ra arte egongo da edegita.

Antolatzaileek zehaztu dabenez, euskal soziolinguistikea ardatza bada be, beste jakintza batzuetatik abiatutako ikerlan edo gogoetak be onartuko ditue: Soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik datozanak, besteak beste. Izan be, soziolinguisten lanari bultzadea emoteaz gan, beste alor batzuetako adituak edo ikerlari gazteak soziolinguistikara erakartea be bada sarien helburua.

Banaka zein taldeka aurkeztu leiteke lehiaketara, baina, edozein kasutan, lanak aurretik argitaratu bakoak izango dira. 30.000 eta 60.000 karaktere bitartean (zuriuneak barne) izan beharko ditue testuek, eta 8-10 lerroko laburpena be entregau beharko da. Lanak txillardegihausnartu@soziolinguistika.eus helbidera bialdu behar dira. Oinarriak hemen.

Hiru sari emongo ditue EHUk eta Klusterrak. Irabazleari 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia emongo deutsiez. Bigarren saria 1.300 euro izango dira, eta, hirugarrena, 1.000 euro. Ganera, lan sarituei jagoken zabalkundea emoteko eskubidea be badabe antolatzaileek.

Bestetik, Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi (1929-2012), euskal soziolinguista handiari omenaldia egitea eta haren ondarea gogoratzea be bada sariketa honen asmoa. Soziolinguistikearen alderdi teorikoan ez eze, praktikoan be behar handia egin eban euskerea bultzatzeko. Horrezaz gan, Txillardegi literaturan eta politikan be ibili zan, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu