Guggenheim eta Arte Eder museoak, bagilaren 1etik zabalik
2020-05-20 12:01 KultureaAsteko egun guztietan egongo dira edegita.
Martiaren 14tik zarratuta egon dira Bizkaiko museoak, osasun larrialdiari aurre egiteko neurriek eraginda. Covid-19aren izurriaren momenturik txarrenak pasauta, azpiegitura kulturalak barriro zabaltzen hasteko planak agertzen hasi dira han eta hemen. Bilboko Guggenheim eta Arte Eder Museoek dagoeneko aurreratu dabe bagilaren 1ean, astelehena, edegiko deutsezela ateak publikoari.
Lehenengo hileko, bagileko, ordutegiak eta lan egiteko modua zehaztu ditue batak eta besteak. Martira arte egon diran ordutegien aldean, zabalagoak izango dira bagilekoak, eta, ganera, museo biak egunero zabalik egongo dira. Publikoaren irisgarritasuna hobetzea eta jente piloketarik ez sortzea dira erabagion helburua, Covid-19ari aurre egiteko prebentzino lez.
Honenbestez, Guggenheim Museoa, astelehenetik barikura, 14:00etatik 19:00etara edegiko dabe, eta zapatu eta domeketan, 11:00etatik 19:00etara. Uda bete-betean, garagarril eta abuztuan, ordutegia luzatuko dabe, egunero-egunero 11:00etatik 19:00etara.
Bilboko Arte Eder Museoaren kasuan, bagileko egun guztietan egongo da zabalik 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Garagarrilean eta abuztuan 11:00etatik 19:00etara, eguerdiko eten barik.
Museo biak barriro publikoari ateak zabaltzeko prestakuntza zorrotzagaz dabiz, eta laster jakin eragingo ditue bertara sartzeko protokoloak. Osasun egoereak behartuta ordutegi edo egutegietan aldaketaren bat egin behar izatea be ez dabe baztertu, baina astiz iragarriko leukiez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!