Bizikletearen aldeko apustua sendotu dau Bizkaiak

Bizkaie! 2020-05-20 10:02   Pil-pilean

RCxB sarean sartuko da Foru Aldundia.

Bizikleta publikoak Bilbon. | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19ak eragindako larrialdian bizikleteak protagonismo handiagoa hartu dau kaleetan, Bizkaiko Foru Aldundiak ikusi dauenez. Izan be, banakako mobikortasuna errazten dau garraio kolektiboa arriskutsua izan leiteken sasoiotan, baina kutsadurarik sortu barik. Hori dala eta, Foru Aldundiko Garraioen eta Mobikortasun Jasangarriaren diputaduak, Miguel Ángel Gómez Viarrek, bizikletearen erabilerearen aldeko neurriak hartuko dirala aurreratu dau.

Hasteko, RCxB Bizikleten Aldeko Urien Sarean sartzea onartu dau Gobernu Kontseiluak. Espainiako uriek eta lurraldeek osotutako sarea da hori, alkarlanean hainbat helburu lortzeko asmoa dauena: txirrindularien zirkulazinoa erraztu, seguruago egin eta garatzea, batez be urietan. 500 udalerri ordezkatzen dituen 123 erakunde dagoz gaur egun sarean, tartean Bilboko eta Donostiako udalak. Aurrerantzean, Bizkaiko Foru Aldundia be kidea izango da.

Gómez Viarren arabera, RCxBren helburuak, funtsean, bat datoz Bizkaian eguneroko jardueretan bizikletearen erabilerea areagotzeko egiten dabizan lanagaz, berbarako, lanera edo ikastetxeetara joatea, eta lurraldeko ganerako garraio publikoakaz intermodalidadea sustatzea.

Gobernu Kontseiluaren erabagiz, Ángel Anero, Mobikortasun Jasangarria Sustatzeko zuzendari nagusia, izango da Foru Aldundiaren ordezkari instituzionala RCxBn.

Era berean, BiciRegistro sisteman sartuko da Bizkaia. Bizikleta jaube guztien eskura jarten dau RCxBk zerbitzua, parte hartzen daben erakundeen eta DGTren laguntzinoagaz. Jaubeek euren bizikletearen ezaugarriak erregistro baten sartu leikiez, eta, lapurtu edo galdu ezkero, ibilgailuaren jarraipena egiteko modua emoten dau BiciRegistrok, Espainia osoan.

Bizikletearen alde Bizkaiko Foru Aldundiak egindako apustua epe luzerako dala adierazo dau Gómez Viarrek: Inork ez dau zalantzan jarten garraio publikoak jagokon lekua hartuko dauana barriro, baina egia da une egokia izan leitekela bizikletea garraio publikoaren zein ibilgailu pribaduaren osogarritzat aldarrikatzeko, baita udalerrien arteko joan-etorrietan be, eta garraiobide horrek eskaintzen dauen potentziala ezagutzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu