Kulturako diru-sarrerak % 40 behera
2020-05-20 08:11 KultureaJarduerea % 82,6ko portzentajean murriztu da.
Eusko Jaurlaritzearen menpeko Kulturearen Euskal Behatokiaren azken azterlanaren arabera, kultura-arloko agenteek aurreikusi dabe urteko diru-sarrerak Covid-19 zabaldu aurretik espero zituenak baino % 40,8 txikiagoak izango dirala. Agenteek ikerketa horretan bertan gaineratu dabenez, jarduerea % 82,6ko portzentajean murriztu da, kultura-enpresen barruko-jarduereari baino ezin izan jakolako eutsi. Emoitza horreek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak krisiak kultura-esparruan izan dauen eragina neurtzeko bultzatutako Krisiaren Behatokia txostenaren lehen jasoalditik atera dira; apirilaren 9tik 26ra bitartean egin zan eta kultura-arloko 243 agentek parte hartu zuten. Txostena honela egituratuta dago:
Kultureak Covid-19aren aurretik eban testuingurua deskribiduten. Kultura-adierazleak zein adierazle ekonomikoak aurkeztu eta Covid-19 zabaldu aurreko egoerearen irudi globala eta sintetikoa eskaintzen da.
Era berean, sektoreak eta sektoreko agenteen ekimenak aztertzen dira.
Inkestearen emoitzei jagokenez, inpaktuaren azterketa orokorra agertzen da jarduereari, enpleguari eta balantze ekonomikoari jagokenez eta iturri ofizialen bigarren mailako datuetan oinarritutako zenbatespenak gaineratzen dira. Ondoren, azterketa sektorial bat egiten da eta, horren barruan, sektore bakotxari buruzko datuak emoten dira, aldez aurreko egoerakoak zein inkestearen emoitzei lotutakoak. Azkenik, aurretiazko ondorioen ostean, sektoreari laguntzeko neurrien laburpen bat eskaintzen da, ikuspegi analitiko kronologikoa eta tipologikoa ardatz hartuta.
Aldez aurreko egoerea
Kultureak Covid-19aren aurretik eban testuinguruari jagokonez, jokera positibo bat identifiketan da azterlanean, batez be, kontzertuetan eta arte eszenikoetan. Covid-19aren aurreko egoerearen balorazinoei erreparauta, azpimarratu behar da pertzepzinoak positiboak dirala agente gehienen kasuan: egoerea ona edo oso ona zala adierazo daben agenteak % 57 dira (% 40,2k ona eta % 17,1ek oso ona). Bestetik, agenteen % 20ren ustez, krisiaren aurreko egoerea txarra edo oso txarra zan (% 14,5en eta % 5,6ren ustez, hurranez hurran).
Aurreikuspenak
Emoitza orokorrei jagokenez, urteko diru-sarrerei erreparauta, aurreikusitako galerak % 40,8ra heldu dira batez beste, agenteek 2020rako aurreikusten zituen diru-sarrerakaz konparauta. Enpleguan izandako eragin negatiboa % 43,2koa izan da (kaleratzeak, ERTEeta beste neurri batzuk eragin negatibo lez hartuta), baina eragina izan dan kasu guztien % 10ean baino ez da egon kaleratzerik. Era berean, eragileen % 67,5ek pandemiak jardueran eragin sakona edo erabatekoa izango dauela aurreikusi dabe.
Kultura-jarduerearen arloan, jarduereak % 82ko beherakadea izan dau batez beste eta jarduerearen parte txiki batek eutsi ahal izan deutso (barruko jarduerea, baliabide digitalen bidez egin daitekeena, abian dagozan produkzinoakaz edota plangintzeagaz zerikusia dauena eta abar). Era berean, lehen jasoaldian aztertutako aldian, inpaktua handiagoa izan da produktu fisikoen salmentan (liburuak batez be), establezimenduak zarratu izanaren ondorioz (liburuen eta diskoen salmentak % 62,49ko beherakadea izan dau). Zuzeneko jarduereari jagokonez, kasu gehienetan jarduerak atzeratu dira, datarik jarri barik. Txostenak dakarrenez, 'programatzaileek bertan behera ixtea ebitetako borondatea dabela erakusten dau horrek, ziurbakotasunak eta azken asteotako informazinoan jazotako aldaketek data barriak finkatzeko aukerea gatx jarri daben arren'. Etorkizuneko kontratazinoen aurreikuspenek be % 80,4ko beherakadea jasoten dabe batez beste.
Inkestan parte hartu daben eragileek beren kultura-proiektuen bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko garaian garrantzirik handieneneko gastuak be aitatu ditue. Garrantziaren arabera, honako honeek dira: zerga-betebeharrak, langile-gastuak, hornidurak eta azkenik, kontratautako kanpoko zerbitzuak.
Kulturako langileek erabilitako neurriei jagokenez, inkestearen lehen jasoaldia egin zan momentuan honakoak izan ziran azpimarratuenak: telelanari lotutako soluzinoak, aldi baterako enplegu-erregulazinoko espedienteen eta zerga-betebeharrak malgutzea eta beste administrazino-prozedura batzuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!