Jai herrikoien aldeko aldarria Hego Euskal Herriko lau uriburuetan

Bizkaie! 2020-05-19 13:21   Pil-pilean

Herritarren parte-hartzea albo batera ez lagatzeko eskatu dabe hainbat taldek.

2019ko Aste Nagusia (argazkia: Bilboko Konparsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jai handirik bako udea izango da aurtengoa, itxura guztien arabera. Iruñeko Sanferminak, Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaiak eta Donostia eta Bilboko aste nagusiak, behinik behin, bertan behera itxi ditue. Horren harira, oharra plazaratu dabe Hegoaldeko lau uriburuetan jai herrikoien alde jarduten daben alkarte batzuek.

Honeek dira sinatzaileak: Iruñeko Herri Sanferminak eta Peñen Federazinoa; Gasteizko Txosnak eta Blusak eta Neskak; Donostiako Piratak; eta Bilboko Konparsak.

Jai herrikoien aldeko aldarria da, batez be, alkarte horreek ateratako oharra. Izan be, herritarren parte-hartzearen kontra doazan erabagi batzuk egon dirala salatu dabe, Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren atxakian. Udalek, jaiak bertan behera ixteko erabagia hartzeko orduan ez dituela alkarte herrikoiak kontuan hartu dinoe. Oharraren sinatzaileen arabera, hedabideen bidez edo azken orduan jakin eben.

Erakunde publikoakaz berba egiteko prestutasuna agertu dabe alkarteok, eta, halandabe, baztertuta sentidu dirala dinoe. Erabagiak aldebakarrez hartu dira. Edozelan be, jaiak bertan behera ixteko erabagia bera ez dabe kritikau, osasun egoerea aintzat hartuta guztiz ulergarria dalako.

Garai gogor honeetan herritarrok inoiz baino gehiago behar dogu jaien alaitasuna, kolorea, kolektibotasuna. Eta hori modu parte-hartzailean, euskeratik, feminismotik eta jasangarritasunean egiten jarraitu nahi dogu, adierazo dabe oharrean. Ohiko jaiak antolatzeko modurik egongo ez dala jakinik, Euskal Herriko jai batzorde guztiei jai herrikoien alde antolatu daitezan dei egin deutsie, segurtasunari, osasun neurriei eta irudimenari lehentasuna emonda.

Orain arte oztopo guztiei aurre egin badeutsegu, oraingoan ez gara gitxiago izango. Ganera, pandemiak agirian lagatako balioak azpimarratu ditue: alkar jagotea, herritarren sareak sortzea, eta osasuna eta bizitzea defendiduteko gogoa.

Entzun adierazpena bideoan, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu