Basque Team Zentroa, bekea daben kirolarientzat zabalik

Bizkaie! 2020-05-19 12:08   Kirola

Basque Team kirolariek eta Tokioko Jokoetara joango diranek izango dabe lehentasuna.

Martiaren 14an, Basque Team Zentroa aldi baterako zarratu behar izan eben covid-19 pandemiak sortutako egoerearen ondorioz. Hile bi zarratuta egon ondoren, lehen astean atontze eta egokitzapen lanak egin eta gero, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroak goi-mailako kirolarien eskaerak jasoten jarraitzen dau. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzea, Basque Team Fundazinoagaz lankidetzan, zentrorako sarbidea kudeatzeaz arduratzen da. Instalazinoetarako sarbidea baimentzeko, gehieneko edukierak ezartzen dira eta erabilera-espazioak eta ordutegiak esleitzen dira, lehentasun estrategikoen arabera. Lehen fase honetan, Basque Team Fundazinoaren bekea jaso daben kirolariek izango dabe lehentasuna, baita Tokioko olinpiar eta paralinpiar jokoak preparetan dabizenek be.

Zentroa barriro edegiteko prozesuan, jagokozan osasun-neurriak zorrotz beteten dabiz; horregaitik, baimendutako persona guztiek zorrotz bete behar ditue agintariek emondako babesteko arauak eta gomendioak eta onartu egin behar ditue instalazinoak erabilteko araudiak eta baldintzak: funtsezkoak ez diran mobimentuak murriztea, eskuak garbitzea, distantzia personala jagotea, maskarak erabiltea... Neurri horreek indartzeko, gainera, entrenamendu-txanda bakotxean erabilitako instalazinoen eta ekipamenduen ezohiko garbiketa-eragiketak ezarri dira eta egunero egiten da langileen eta erabiltzaileen segurtasuna eta jazo daitekezan gorabeherak bermatzeko hartutako neurrien jarraipena.

Holan, espazioa hainbat eremutan banatu eta txanda bakotxean gehienez be sei lagunentzako lekua aurreikusi da (gune batzuetan gitxiago). Hainbat ordutegi ezarri dira:

- Gimnasioa (batera sei lagun gehienez) 8:00-9:45, 10:00-11:45 eta 12:00-13:45.

- Kantxea (batera sei lagun gehienez): 9:00-11:00

- Jaurtiketen gunea (batera lagun bi gehienez): 9:00-11:00

- Mahai-teniserako gunea (batera lagun bi gehienez): 9:00-11:00

Kirol-instalazinoak astelehenetik barikura egongo dira zabalik eta espazioak ordu-tarte bakotxean baino ez dira erabiliko. Erabiltzaileek eskaera bat egin beharko dabe aldez aurretik, eta baimena emon ahala sartuko dira.

Instalazinoetarako sarbidea eskatzeko, mesedez, bialdu eskaera bat helbide honetara: administrazioa@basqueteam.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu