Artibai Egoitzako beharginei emon deutse Zidarrezko Antxoa

Bizkaie! 2020-05-18 12:20   Pil-pilean

Larrialdi egoeran egiten dabizan lan isil baina beharrezkoa autortu nahi dau Ondarroako Udalak.

Artibai Egoitzea (argazkiak: Ondarroako Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Modu berezian ospatu dabe Ondarroako Antxoa Eguna aurten, osasun larrialdiak behartuta. Kalean barik, herritarren etxeetan egin eben jaia zapatuan. Zidarrezko Antxoa saria be, 2020. urte honetan, berezia izatea nahi izan dau Udalak, eta, horregaitik, Artibai Udal Egoitzako beharginei emon deutse. Edadekoen egoitzetan gogor jo dau Covid-19ak, baina Ondarroan ondo eutsi deutsie orain arte. Egoitzako guztiei, batez be beharginei esker izan dala hori uste dabe Udalekoek.

Lan ikaragarria egiten dabiz, isilekoa, baina oso garrantzitsua, adierazo dau Aritza Aristondo Kultura zinegotziak. Beharbada orain gehiago jaubetu gara euren lanaren garrantziaz, baine urteak daroez lan bikaina egiten Artibai Egoitzan. Herri guztia sari horregaz bat etorriko dala uste dau.

Zidarrezko Antxoa Artibai Egoitzako behargin guzti-guztientzat dala zehaztu dau Udalak: Erizainentzat, medikuentzat eta zuzendaritzakoentzat, jakina; baina baita garbitzaile, sukaldari, laguntzaile, animatzaile eta ganerakoentzat be. Eskerrak emon nahi deutsedaz langileei eta egoiliarrei erakutsitako konpromisoagaitik, eta senideei be bai, arduraz jokatu dabelako, azpimarratu dau Zunbeltz Bedialauneta alkateak.

Martiaren 14an hasi eban konfinamendua Artibai Egoitzeak, behargin eta egoiliarren osasuna babesteko. Aurreko plazea be zarratu eben, egoitzakoek erabilteko. Bedialauneta alkatearen arabera, txapela kentzeko modukoa izan da barruan geratu diranen jarrerea. Momentu gatxak egon diran arren, beste herri batzukaz konparauta ondo doa konfinamendua Ondarroan.

Alarma egoereagaitik ezin izan eben Zidarrezko Antxoa emoteko ganorazko ekitaldirik egin zapatuko Antxoa Egunean. Gauzak bere onera etorten diranean Artibai Egoitzakoen omenezko jaia antolatuko dauela agindu dau Udalak, saria emoteko eta beharginei jagoken gorazarrea egiteko.

Artibai Egoitzako beharginak, konfinamendu bete-betean beharrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu