'Ni.eus', euskerazko email zerbitzua jaio da

Bizkaie! 2020-05-18 10:33   Pil-pilean

Pribadutasuna errespetetan dau tresna digital barriak.

Erabiltzaile euskaldun askoren eskariari erantzunez, Puntu Eus Fundazinoak posta elektroniko eta mezularitza zerbitzuak emoteko Ni.eus zerbitzua ipini dau martxan, euskeratik eta euskeraz sortua, eta Guebs enpreseagaz lankidetzan. Era horretara, .eus domeinuak personen arteko hartu-emon digitaletara egin dau salto.

Orain arte, norberaren webgunean .eus helbidea izateko aukerea eskaintzen izan dau Fundazinoak, eta domeinuak zabalkunde handia izan dauela garbi dago. Halandabe, webgunerik ez daben erabiltzaile askok be .eus bihurtzeko nahia agertu izan deutsie sarritan Fundazinoaren arduradunei. Hortik dator .eus amaieradun email helbideak sortzeko proiektua. Enpresa, alkarte zein norbanakoentzat aproposa da zerbitzu barria.

Aukera bi izango ditue erabiltzaileek helbide elektroniko barria eskuratzeko: Batetik, ni.eus erako kontu arrunt bat sortzea, doban (adibidez: ximun@ni.eus); bestetik, ordainpeko premium aukerea be badago, helbide osoa personalizetako aukerea emoten dauena (adibidez: info@ane.eus edo kaixo@mendielkartea.eus). Bezero arreta, web interfaze, laguntzino dokumentu eta bezero-guneak eskaintzen ditu zerbitzuak, dana euskeraz.

Ni.eus posta zerbitzuaren abantaila bat, beste zerbitzu batzukaz alderatuta, pribadutasuna da. Erabiltzaileen datuen pribadutasuna eta segurtasuna bermatuta dagoz: iragarkirik ez, tracking-ik ez eta komunikazino zifraduak. Ez dau iragarkirik erakusten ezta erabiltzaileen erabilerearen ezelako jarraipenik egiten be, Puntu Eus Fundazinoak ziurtatu dauenez.

Horrezaz gain, nahi dan euskarrian erabilteko modua emoten dau, eskuko telefonoan zein ordenagailuan dogun posta programan, edo webmail bidez. Ganera, zerbitzu osogarriak eskaintzen ditu: egutegia, helbide-liburua, berbideraketak... Azken baten, interneteko erabiltzaile euskaldunei kalidadezko zerbitzua euren hizkuntzan emoteko tresnea da. Bultzatzaileek uste dabe hurrengo hileotan .eus domeinudun milazak kontu sortuko dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu