Euspot lehiaketan 51 finalista dagoz
2020-05-15 13:44 ZinemeaPublikoak botoa emon leike maiatzaren 18ra arte.
Euskerazko iragarki edo spot-en lehiaketea, Euspot, sekula baino arraroagoa izaten dabil aurten, Covid-19 gatxak eragindako osasun larrialdiagaitik. Izan be, parte-hartzaileek etxetik urten barik grabau behar izan ditue euren ikus-entzunezkoak, konfinamendua errespetauta ahal izan daben baliabideak eta aktoreak lortuta. Halandabe, deialdiak erantzun ona izan dau, 51 spot aurkeztu dira eta. Horreetatik 27 helduen kategorian lehiatuko dira, eta, ganerakoak, 18 urtetik beherakoenean.
Euskal Herriko leku ugaritatik jaso ditue spot-ak: Ibarra, Hernani, Durango, Tolosa, Getxo, Aretxabaleta, Eibar, Gasteiz, Irun, Eskoriatza, Berriozar, Azkoitia, Ordizia, Txantrea, Zizurkil, Bilbo, Gueñes, Bergara, Arrasate, Aramaio... aitatu ditue antolatzaileek.
2020ko edizinoko gaia hau izan da: Zer dago jazten dogunaren atzean?. Parte-hartzaileek gai horren inguruko kontzientziazino kanpaina baterako euskerazko spot-a sortu behar izan dabe, 20-30 segundu ingurukoa, moda azkarrak eragiten dituan ondorio negatiboak ikusiarazoteko.
Behin lan guztiak jasota, aurtengo lehiaketako sariak emoteko momentua heldu da, hortaz. Bai Euskarari alkarteak babesten dauen Publikoaren Saria ebazteko, jenteari dei egin deutsie, bideoak ikusi eta botoa emon deian. Epea ez da luzea, beraz, bizkor ibili: Asteleheneko, maiatzaren 18ko, eguerdiko 12:00ak arte emon ahal izango da gogokoenaren aldeko botoa. Publikoaren Saria irabazten dauenari 500 euro emongo deutsiez.
Bideo guzti-guztiak ikusteko eta botoa emoteko, hemen. Sari banaketea hilaren 28an izango da, baina ekitaldi hori be Covid-19ak baldintzatuko dau.
Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibersidadeak, Arteman Komunikazioak enpreseak eta Arizmendi ikastoleak antolatzen dabe Euspot, euskerazko sormena bultzatu eta publizidade arloan euskerearen erabilerea sustatzeko. 2012an egin eben lehenengo edizinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!