Gondra Barandiaran eta Iberdrola bekak abiarazo ditu Arte Eder Museoak

Bizkaie! 2020-05-15 11:54   Kulturea

Azken sei urteotan, 47 gaztek erabili ditue Gondra Barandiarán-Museoa eta Iberdrola-Museoa bekak.

Bilboko Arte Eder Museoak zazpigarren aldiz abiarazo ditu prestakuntza beken programa bi, erakundearen patrono diran Gondra Barandiarán Fundazinoak eta Iberdrola Fundazinoak lagunduta, hurranez hurran. Azken sei urteotan, 47 gaztek aukerea izan dabe Gondra Barandiarán-Museoa eta Iberdrola-Museoa bekez gozetako; horreen bidez, egonaldi profesionalak egin ditue museoan eta beren prestakuntza akademikoan eskuratutako jakintzak osotu.

Holan, gaur, maiatzak 15, barikua, Gondra Barandiarán-Museoa beka programearen deialdia edegiko da eta datorren eguenean, maiatzaren 21ean, Iberdrola-Museoa beken deialdia.


Gondra Barandiarán Fundazinoa, kultureagaz, prestakuntzeagaz eta pentsamenduagaz bat

Gondra Barandiarán Fundazioak beti izan dau helburu kultureari, prestakuntzari edo pentsamenduaren sorkuntzeari jagzkozan ekitaldiak landu eta hauspotzea eta, helburu horri eutsiz, prestakuntzarako dirulaguntzinoak emotea, jakintzearen adar guztietan. Zeregin horren barruan batzen da, hain zuzen be, Fundazinoak eta Museoak sinatutako akordioa: 2014tik eta Gondra Barandiarán-Museoa beka programeari esker, erakunde biek batera lan egiten dabe, prestakuntzea bultzatzeko eta gazteak lanaren testuingurura hurreratzeko. Gainera, 2018. urtetik aurrera, Museoko udako ikastaroen antolakuntzan laguntzen dau Fundazinoak.

Testuinguru horretan, honako hau da Gondra Barandiarán-Museoa Beken helburua: museoen kudeaketearen arloan, prestakuntza propioa eskaintzea, museoko hainbat sailetan lanean jarduteko aukerea emonez. Ikaskuntza-prozesu horri esker, bekadunek aukerea izango dabe trebetasun eta ezagutza barriak garatzeko, betibe, Bilboko Arte Eder Museoko langileak tutore dituela. Kasu honetan, zazpi beka dira eta bederatzi hilebete iraungo dabe, urriaren 1etik hasita. Bekak honako sail honeetarako dira: Artxiboa, Liburutegia, Bildumak, Hezkuntzea, Erakusketak, Argitalpenak eta Zerbitzu Orokorrak.

Bestalde, etorkizunean artelanak iraunarazoten eta zaharbarritzen ibili gura dabenek aukerea izango dabe, Iberdrola-Museoa Bekeari esker, prestakuntzea zabaltzeko eta jardun honetan eskarmentua eskuratzeko, museoko zaharbarritze-tailerrean bertan, izan be, konserbazino eta zaharbarritze-lanak ezinbestekoak dira bildumak behar dan moduan gordetako. Kasu honetan, beka bi eskaintzen jakez ikasketa akademikoak amaitu dituen gazteei; bekak hamar hilebetekoak izango dira, aurtengo irailaren 1etik hasita, eta luzatu egin daitekez –hola gertatu da birritan–, beste hamar hilebetez jarduteko.


Iberdrola, artea eta kulturea ardatz

Iberdrola, 2001etik, Museoaren Patronatuko kidea da. Iberdrola-Museoa programak Konserbazino eta Zaharbarritze Saila babesten dau; era berean, Iberdrolaren lankidetzeagaz jorratzen dira zenbait ekitaldi didaktiko, ikusmen-urritasunaren ondorioz premina bereziak dituen jentearentzat berariaz sortuak, hareei Museoaren bildumea ezagutarazoteko, bai eta gizarteratzeko programak be. 2013tik, Iberdrola España Fundazinoak hauspotuta, 170 piezatik gora zaharbarritu dira pinakoteka honetako zaharbarritze-tailerrean, besteak beste, orioak, akuarelak, marrazkiak eta grabatuak.

Iberdrolak, Espainian dauen Fundazinoaren bidez, bere jardunaren zati garrantzitsu bat eskaintzen deutso herrialdeko arte eta kultur aberastasuna jagon, iraunarazo eta balioan jarteari. 2011tik aurrera, handiagotu egin da holako egitasmoetan inbertidutako diru-kopurua, izan be, 13 miloe eurotik gorakoa da.

Informazino gehiago eta izen-emoteak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu