Getxophotok parte hartzeko deia egin deutse herritarrei
2020-05-15 08:42 KultureaMosaiko handi bat sortuko dabe getxoztarrek bialdutako irudiakaz.
Osasun larrialdiak eraginda, normalean baino luzaroago gagoz etxean, eta lagunak nahi baino gitxiago ikusten doguz. Horregaitik, Skype, Zoom, Facetime, Whatsapp eta beste aplikazino batzuetako bideo-deiak egiteko ohiturea zabaldu da alkar ikusteko. Getxophotok, jokera bisual barriei beti adi, bideo-dei horreen bidez herritarrei jaialdian parte hartzeko aukerea emoteko bidea ikusi dau.
Pantaila partekatuak izeneko ekimen honetan, getxoztarrei eskatu deutsie halako bideo-dei aplikazino bat erabilten dagozaneko irudiak bialtzeko. Mosaiko handi bat sortu nahi dau Getxophotok, jenteak bideo-deiak egiteko dituan ohituren erakusle. Pandemia sasoian hori dalako urruneko lagun, lankide eta senideen aurrean agertzeko aukeratu dogun irudia: Batzuk alai, beste batzuk arduratsu, dotore batzuk eta pijaman besteak, entzungailuak jantzita...
Bagilaren 15era arte bialdu leikiez getxoztarrek irudiak, getxophoto@gmail.com helbide elektronikora. Horrezaz gan, jaialdiaren webgunean ipiniko daben formularioa bete behar da. Argibide gehiago hemen.
Antolatzaileek 30 bat irudi aukeratuko ditue jasotako guztien artean. Algortako Urgull kaleko eraikin bateko leihoetan ipiniko ditue 2020ko Getxophoto hasten danean, mosaiko handi bat balitz legez. Era horretara, irudiek digitaletik fisikora eta eremu pribadutik publikora egingo dabe salto. Jasotako irudi guztiak webgunean be erakutsiko ditue.
Bien bitartean, Getxophotoren hurrengo edizinoa antolatzeko lana aurrera doa, Covid-19ak eragindako ziurbakotasuna ahaztu ezin dan arren. Kalera! izenburupean, irailaren 3tik 27ra egingo dabe 2020ko Getxophoto, irudiaren nazinoarteko jaialdia. Jon Uriarte komisario dala, espazio publiko fisikoa zein sarearen bidezkoa aztertuko dabe oraingo honetan, protestarako, alkar topetako eta esperimentazinorako leku barri legez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!