'Iparragirre en la Corte' liburua argitaratu dabe
2020-05-14 12:50 KultureaEuskal bardo ezagunenaren Madrileko joan-etorrien gaineko liburua da.
Euskalerriko Adiskideen Elkarteko (RSBAP) Gorteko Ordezkaritzearen ekinbidez, Francisco de Paula Garcíak idatzi dau Iparragirre en la Corte. El Gernikako Arbola y los vascos en el Madrid del XIX izenburuko liburua, 1830, 1850 eta 1870eko hamarkadetan Jose Mari Iparragirrek Madrilen igarotako denporaldietako gorabehera eta pasadizoak jorratu, haren bizipenak eta esperientziak gogoratu, baita erromantizismoaren urte hareetan euskaldunek gortean izan eben ingurune eta garaikidetasuna ezagutzera emoteko be.
Lanak Iparragirreren sorterriko, Urretxuko Udaleko alkate Jon Luqui Albisuaren hitzaurrea dakar eta Iparragirre jaio zaneko bigarren mendeurrena beteten dan urtean kaleratu da.
Madrilen kantau eban lehenengoz jentaurrean Iparragirrek bere Gernikako Arbola 1853. urtean, Juan Maria de Altuna pianisteak lagunduta San Luis kafetegi eta ostatuan, berrogeita hamar euskaldun aurrean zituala.
Iparragirre (Urretxu,1820-Itsaso, 1881)
Ikaste urteak Zerainen, Urretxun, Gasteizen eta Madrilen igaro zituan, aitaren nahiak gidatutako esperientziak, etorkizuna seminarioan lantzeko baina Lehen Karlistadeak (1833-40) eta bokazino personalak beste norabide batetik eroan eben: urte gorabeheratsuak bizi izan zituan.
Sasoiko gizona zan,espiritu erromantikoa eta ahots ozenekoa; konposatzaile, poeta eta abeslari liriko modura egin eban ibilbidea. Europan lehenengo, Amerikan gero. Estilo berezia, herri adierazpenaren eta zuzentasun akademikoaren tartekoa; entzuleak berotzeko eban abilezia jasota itxi dabe kronikek.
Liburua non erosi
Liburua eskuratu nahi dauenak epostaz eskatu leike basquemadrid@gmail.com helbidean.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!