Ikerbasqueko ikertzaileek Euskadira 32 miloe eurotik gorako dirutzea erakarri dabe

Bizkaie! 2020-05-14 10:15   Pil-pilean

2018an baino 4 miloe gehiago.

Ikerbasquek 2019an lortutako emoitzen balantzea eta Ikerbasqueko ikertzaileek COVID 19 birusaren inguruan jorratutako ekimen zientifiko guztien barri emon dau.

Igazko urte amaieran, Ikerbasquek ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 163 ikertzaile zituan, goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko daben 76 ikertzaile gazte, eta aurreko kategoria biak osotuz ikertzaile-karrerearen etapa guztiak estaltzea helburu dauen Research Associate kategoriari atxikitako beste 29 ikertzaile. Ikerketa-lanok oihartzun zabala lortu eben aldizkari zientifikoetan. Urte osoan 1.272 artikulu plazaratu zituen guztira indexautako argitalpenetan, hau da, nazinoarte mailako kualifikazino handiko hedabide editorialetan.

Ikerbasqueko ikertzaileek 2019an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 32 miloe eurokoa izan da (2018an baino 4 miloe gehiago).

Ikerbasquek Euskadiko unibersidade eta I+G zentroetan lan egiteko erakarritako mundu osoko ikertzaileak 37 herrialdetakoak dira, gehienak gizonak: % 77, hain zuzen eta % 23 emakumeak. Ikertzaileen jakintza-arloei erreparauta, % 54 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, % 23 medikuntza-zientzietakoak, % 11 giza eta gizarte zientzietako adituak eta % 12 injinerutza arlokoak. Ikerbasqueko ikertzaileak munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibersidadeak, CNRS edo Max Planck erakundea tarteko dirala.


COVID-19 birusaren inguruko ekimen zientifikoak

Egun, Ikerbasqueko 58 ikertzaile parte hartzen dabiz COVID-19 birusak eragindako larrialdiaren inpaktua murrizteko 60 proiektu zientifikotan. Proiektu horreen artean, honako honeek nabarmendu daitekez:

• Osakidetzan proba diagnostikoak egiteko materialak atontzea: materialok lortzeko zailtasunen aurrean, Osakidetzak laguntzinoa eskatu eutsen bertako ikerketa-erakundeei. CIC biomagunek koordinau dau Tecnalia eta CEIT-BRTA partaide dituan ekimen hau, SARSCoV-2 birusaren diagnostiko-probetarako 40.000 lagin-garraiobideren baterako produkzinoa bultzatzeko.

• SARS-COV-2 birusa nanoteknologian oinarrituta diagnostiketako gailu barri baten garapena, DIPC, UPV/EHU, CIC Biomagune, Polymat eta BioDonostian lanean dabizen Ikerbasqueko ikertzaileen bultzadaz.

• RT-PCR izenekoaren ordezko test alternatiboa baliozkotzea COVID-19 birusa antzemoteko. UPV/EHU, Achucarro eta Biofisika Unidadean lanean dabizen Ikerbasqueko ikertzaileek parte hartu dabe proiektu honetan.

• BCAMi atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileek COVID-19 gaixotasunaren dinamikearen modelizazinoan parte hartu dabe. Adimen artifizialaren arloko eredu matematiko eta estadistikoak eta algoritmoak erabili ditue pandemiak Euskadin dauen eragina deskribiduteko, gaixotasunaren infekzino-prozesua nahiz denporan izandako bilakaera zehaztuz.

• BCMaterials zentroa zuzentzen dabil maskaretarako zein norbera babesteko sistemetarako materialak garatzea helburu dauen proiektua, eraginkortasunari berrerabilteko aukerea eta, akaso, sensoreak buztartuz.

• Biofisika Institutuko Ikerbasque zientzialariek SARS-VOC-2 detektetako eta diagnostiko molekularra egiteko eredu bat lantzen dabiz, mintzezko nanotuboak erabiliz.

• BC3 zentroko Ikerbasqueko ikertzaileek COVID-19 birusaren inpaktu ekonomikoa aztertzeko eredua lantzen dabiz.


Ikerbasque

Autonomia-erkidegoko administrazinoek, unibersidadeek eta enpresek azken urteotan egindako ikerketa zientifikoaren aldeko apustua indartzea asmo dauen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ekimenaren emoitzea da, Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Euskal Planaren elaborazinoan jasota geratu dan lez. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu guran, ikerketa arloko talentua erakarteko gunea izatea
da jardunaren ardatz nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu