Museoak, hezkuntzearen, edertasunaren zein magiaren topagune

Bizkaie! 2020-05-14 10:58   Kulturea

Maiatzaren 18an izango da Museoen 2020ko Nazinoarteko Eguna.

Museoek gure ondareari eutsi, ondarea jagon eta zaharbarritu egiten dabe baina horreen oinarrizko betebeharra Hezkuntzea da. Museoak hausnarketarako, eztabaidarako eta bisitariek ezagutzak alderatu eta zabaltzeko lekuak dira. Foru museoetako lantaldeen helburu garrantzitsuenetako bat da eta horregaitik, sare sozialetan informazinoa konpartiduten jarraitzen dogu publikoagazhartu-emonei eusteko.


Sare sozialetan: #etxeangeratukonaiz #ezagutzapartekatu

- Facebook: ArrantzaleenMuseoa; arkeologimuseoa; santimaminekoba; laencartada; ferreriaelpobal; eta EHMGernika

- Twitter: @arkeologimuseoa; @elpobal; eta @EHMuseoa.

- Instagram: arkeologimuseoa; arrantzaleenmuseoa; santimamine_koba; laencartadafabrikamuseo; eta elpobal

 

Bermeoko Batzokirako horma-irudia (Argazkian)

José María Ucelay (Margoa ohol gainean, 16,00m x 2,15m. 1934)

Duda barik, Ucelayren (Bermeo 1903-Busturia 1979) obra gailena batzokirako 1931 eta 1934 artean egin eban murala da. Horma-irudi zabal honetan (16 metroko luzerea dau), Bermeoko arrantzaleen egunerokotasuna irudikatu nahi izan eban artista bermeotarrak. Hori guztia egiaztatzen da paisajeen eta atmosferearen irudikapen xehatu baten bidez - lanbideak, tresnak eta arrantzaleek erabilten zituen gainerako elementuak laukian agertzen dira -, bermeotarrentzat egunerokoak diranak. Personak be (horreen artean Nestor Basterretxea artista bermeotarra edo Inés Achirica margolariaren emaztea bera) eta horma-irudian agertzen diran ontziak argi eta garbi identifikau daitekez.

1937ko apirilaren amaieran, tropa frankistek Bermeo okupau eta batzokiaren eraikina, EAJren egoitzea, Falange Española-ren egoitza bihurtu zan eta, ondoren, FET-JONS-ena. Faxistek eraikina okupeteaz gan, edozein euskal erreferentzia edo ikur nazionalista ezabatzen saiatu ziran. Mural hau ez zan bandalismo faxistatik librau, izan be, hainbat tiro bota eta, ondoren, pintura grisez brotxakadaka, ontziek beren amuletan zituen euskarazko izenak edo bandaloek separatistatzat jo zituen sinbolo, bandera eta antzeko batzuk ezkutatu zituen.

1948an, Museo del Pescador inaugurau eta ikusgai jarritako piezetako bat Ucelayren horma-irudia izan zan. Egoera hori legeztatzeko, Aldundiak obrea erosi eutson artisteari eta bere jaubetzakoa bihurtu zan. Franco diktadorea hil ondoren, EAJk batzokia berreskuratu eta murala eskatu eban. Maileguan emon eta barriro jarri eben bere jatorrizko lekuan.


Eibarko Armagintzearen Museoa sarean

Eibarko Museoak ibilbide edo bisita birtual bat eskaintzen deusku aretoz areto, azalpen guztiak audiogidearen bidez jasoteko aukereagaz. Aldi berean, Museoaren artxibo digitala ikusteko aukerea be izango da, dokumentu grafiko ugariko artxiboari esker: katalogoak, publizidadea, kartelak... Eibarren egiten dan lanaren erakusgarri eta eredu.

Maiatzaren 18an, datorren astelehenean, izango dan Museoen 2020ko Nazinoarteko Egunak 'Bardintasunaren aldeko museoak: aniztasuna eta inklusinoa gaia dau ardatz nagusi eta helburua da Museoak topagune bilakatzea, erakusten dabenagaz eta eskaintzen deuskuezan istorioak herritarren esku ixtea, hain zuzen be.

Eibartarrek, baita kanpokoek be Museoa etxetik ezagutzeko aukera ederra.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu