Plentziako Itsas Estazinoko burua saritu dabe Europan

Bizkaie! 2020-05-14 10:29   Pil-pilean

Ingurumen Zientzien alde Ionan Marigomezek egin dauen lana azpimarratu dau SETAC alkarteak.

Ionan Marigomez (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

2020ko Noack Laboratorien Outstanding Science Career Award dalako saria emon deutsie Ionan Marigomez erandioztarrari, Plentziako Itsas Estazinoko zuzendari eta EHUko irakasleari. SETAC Ingurumen Toxikologia eta Kimika Alkartearen Europako adarrak emoten dau urtero, Ingurumen Zientziei ekarpen esanguratsuak egin deutsezen norbanako zein erakundeen lana autortzeko.

Marigomezen kasuan, Ingurumen Zientziei egindako ekarpena ez eze, epaimahaiak nabarmendu dau disziplina arteko jarduerak bultzatu dituala, eta ikasleak, publikoa zein profesionalak hezten lan bikaina egin dauela, ezagutzearen transmisinoan eta dibulgazinoan eraginez. Sari honek autortzen dau Ingurumen Zientzietan egin dauen ekarpena eta jakintzea zabaltzeko disziplina ugaritako jardueren zerrenda bikaina, adierazo dau SETAC-ek ohar baten.

Pozarren hartu dau saria Marigomezek: Oso gauza berezia izan da niretzat, hunkigarria benetan, esan deutso EHUri. Bestalde, gure ikerketa-taldearentzat, Plentziako Itsas Estazinoarentzat eta Euskal Herriko Unibersidadearentzat autortza polita da, ospe handiko saria dalako gure esparruan, nazinoarte mailakoa. Dozenaka zorion jaso dodaz mundu guztitik.

Ingurumen Toxikologia eta Kimikako Alkartea, SETAC, mundu mailako erakunde profesionala da, eta 90 herrialdetan baino gehiagotan beharrean dabizan 5.300 norbanako eta erakundek osotzen dabe. Ingurumenagaz lotutako arazoak aztertzen eta konpontzen lan egiten daben zientzialariak dira, gehienbat. Izan be, SETACen helburuak dira ingurumenaren kalidadeari eustea, ekosistemea osotasunean babestea, eta hobekuntzea eta kudeaketea erraztea.

EHUk gidatutako Plentziako Itsas Estazinoa, bestetik, itsas ingurumenaren osasuna eta horrek gizakien osasunean dauen eragina aztertzen dauen goi mailako ikerketa zentroa da. European Marine Biological Resources Centre (EMBRC) erakundearen bazkide sortzailea da, Europako beste hamabost itsas estazinogaz batera, eta horri esker Europa osoko bisitariak jasoten ditu. Gaur egun, 30 zientzialari eta 20 doktoregai dabiz Plentziako Estazinoan lanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu