Omako Basoaren magia Urdaibaiko beste leku batera eroango dabe

Bizkaie! 2020-05-14 08:06   Kulturea

Lorea Bilbaok Bizkaiko gizarteari esan deutso, kulturea konsumidu eta Bizkaiko kultur sektorea eusten lagundu daian. 

Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko Erreserbako beste arbola gune batean, egun hartzen dauen lekutik hur, erreplikauko dau Omako Basoa, Agustin Ibarrolaren artelana, artelan horren esangureak bertakoak eta kanpotik datozanak harritzen jarraitu daian. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputaduak, koronabirusaren krisiak leku barria aukeratzeko lanak baldintzatu dituala berretsi dau, berak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian. Foru erakundeak ahalik eta arinen hasiko ditu barriro lan horreek, beste gauza batzuen artean, behin betiko leku barria eta idea artistikoa aukeratzeko eta aurrekontua aurkezteko.

Ibarrolaren basoaren kontzeptu artistikoa lekuz aldatzeko erabagia, momentu honetan margoak jasoten dituan pinuak euren bizitza zikloaren amaierara hurreratzen egozala eta banda marroia izeneko gaixotasunak jota egozala egiaztatu ostean hartu zan, azaldu dau Bilbaok. Gogoratuazo dauenez, erabagi hori zezeilean jakinarazo eban Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Jose Ibarrolak, margolari bizkaitarraren semeetako batek, lagunduta emon eban prentsa agerraldian. Prentsa agerraldia alarma egoera agindu baino aste batzuk lehenago izan zan eta egoera barriak aldatu egin ditu Aldundiak hasieran zituan planak.

Lorea Bilbaok Aldundiak familiagaz dauen konpromisoa bideratu deutse Batzarretako taldeei, baina, hori bai, Ibarrolak Kortezubiko basoan egin eban artelanaren erreplika zehatza egitea ezinezkoa dala esan dau. Hori dala eta, margolanen erreprodukzinoa baino gehiago, helburua kontzeptua lekuz aldatze” izango dala adierazo dau. Elkarrekin Bizkaiak, artelana lekuz aldatzeko ez daitela pinudi bat aukeratu eskatu deutso, izan be, espezie horrek basoaren kudeaketa eredu zaharkitua irudikatzen dau, eta gura dana artelan barriaren iraunkortasuna hobetzea da, azaldu dau Héctor Fernándezek.

Artelana eskuratu ebanetik Aldundiak egin dauen beharra defendidu gura izan dau Bilbaok, behar hori artelana eta basoa jagotea eta babestea izan da, segurtasun arrazoiak zirala eta itxi behar izan zan arte; adierazo dauenez, gaur egun basoa arrisku erreala da bisitarientzat, eta zarratzea errespetetea eta baso animaura ez sartzea eskatu dau.

Omako Basoa Kortezubin dago, Santimamiñeko Kobazulotik eta Agustin Ibarrola artistearen etxebizitzatik hur. Land art izenez ezagutzen dan jokera garaikidearen adierazpena da, Meritxell Elgezabal EH Bilduko bozeroaleak gogoratuazo dauenez. Sorkuntzako korronte hori hirurogeiko hamarkadearen amaieran sortu eta helburua lan artistikoa naturara eroatea izan zan, paisajea esparru, euskarri eta lehengai moduan erabiliz. Elgezabalek, zugatzen enborretan margotzean artelanak eukan izakera iragankorra gogoratuazo dau, baina bere eretxiz interesgarria da artistearen lana beste leku batean iraunarazotea.


Kultureari laguntzeko neurriak

Diputatua EH Bilduk eskatuta be joan da Bizkaiko Batzar Nagusietara, birusak eragindako larrialdi egoerearen ondorioz Bizkaiko kultur jarduerearen inguruan hartutako neurrien eta erabagien barri emoten. Diputaduak iragarri dauenez, Aldundiak laguntzarako hainbat lerro aktibauko ditu: enpresa txikiei eta autonomoei zuzendutako mikro-kredituak, neurri fiskalak, kultur-txartela eta gastu estrukturalak diruz laguntzeko beste laguntza lerro bat. Horreei guztiei, barrikuntzarako laguntzak eta udal antzokietako programazinoa bultzatzeko beste ekintza batzuk gehituko jakez.

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira kulturea koronabirusak gehien zigortu dauen sektoreetako bat izan dala eta krisitik urtengo dauen azkenetakoa izango dala esatean. Hori dala eta, talde guztiek inplikazino handiagoa eskatu deutse Aldundiari, kultur sektoreak gaixotasunaren erasoari aurre egin deion eta enpresak ixtea eta urtean zehar programauta egozan mueta guztietako ikuskizunak bertan behera geratzea ebitetako.

Bilbaok banan-banan erantzun deutse EH Bilduk bere agerraldi eskarian planteautako hamabi gaiei; holan, Bilbaok argitu dauenez, bere sailak modu berezian babestuko dau euskeraz egindako kulturea eta Aldundiak artistakaz, enpresakaz eta beste erakunde batzuekaz, kultur jarduerea bermatzeko eta kultur azpiegitura barriak eregiteko, sinatuta dituan konpromisoak, akordioak eta finantzaketak aurrera eroango ditu. Baina, hori bai, urtearen amaierara bitartean merkadua lar bete barik.

Bilbaok mezua bialdu deutso Bizkaiko gizarteari, kulturea konsumidu eta Bizkaiko kultur sektorea eusten lagundu daian, danon ardurea dalako. Holan, diputatuak baieztatu dauenez, Aldundiak laguntza danakaz jarraituko dau, baina zuhurtzia” jokatu beharko da museoak eta kirol instalazinoak edegiteko orduan, helburu nagusia personen osasuna hagotea dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu