Basque Team Fundazinoak LGBTIQ personen aldeko kanpaineagaz bat egin dau

Bizkaie! 2020-05-13 12:01   Pil-pilean

Pandemiak sare sozialetara eroan dau LGBTIQfobia.

Orain danok estimetan dagu askatasuna goiburupean, Bilbao Bizkaia Harro-k martxan jarritako kanpainearen halburua da gizartea inpliketea, urte osoan preso sentiduten diran LGBTIQ personakaz hausnartu eta enpatia izan deian, ezin dabelako euren identidadea eta sexu-orientazinoa naturaltasunez bizi.

Basque Team Fundazinoak, Ortzadar LGBT alkarteagaz dauen alkarlanaren barruan eta Baloreetan BAT proiektuaren bitartez, bat egin dau Bilbao Bizkaia Harro-k martxan jarritako kanpaineagaz. Aitatu kolektiboak ekimena abiarazo dau, LGBTIQ personek egunez egun bizi daben askatasunik eza azpimarratzeko. Gaur egungo egoerea dala eta, gizarteak etxean preso egon behar izan dau Covid-19 pandemia zabaltzea kontroletako. LGBTIQ kolektiboko persona askok bizitzako hainbat esparrutan (lana, familia, gizartea, kirola...) sufriduten dabenagaz bat dator itxialdia: Covid-19 pandemiagaz LGBTIQ personek askatasun falta bikotxa sufriduten dabe, gogoratuz maiatzaren 17an LGBTIQfobiaren kontrako eguna ospatuko dala.

Kanpaina honen bidez, Bilbao Bizkaia Harro-k egoereak sortzen dauen askatasunik eza eta larritasun eta ezinegon-sentimenduei buruz hausnartu gura dau, baita urteko egun guzti-guztietan itxialdi derrigortua jasaten daben LGBTIQ persona danakaz enpatia izatea be, ezin dabelako euren nortasuna eta sexu-orientazinoa askatasunez adierazo.

Kanpainea sare sozialen eta hainbat euskarriren bidez egingo da Bilbon. Hain zuzen ere, Bilboko Metroko makinetan, EuskoTren eta Tranbian ikusi ahal izango da kanpaina. Halaber, Euskalduna Jauregiak eta Athletic Clubek dituzten pantailetan proiektatuko da. Horrez gain, 250 kartel banatuko dituzte hiriko beste hainbeste saltokiren artean, eta La Salve garagardo enpresak etxeetara egindako bidalketetan jarriko du. Gainera Baquek, Basque Teamek eta Bilbao Basketek bat egingo dute kanpainarekin euren komunikazio eta sare sozialen bitartez. Kanpaina maiatzaren 13an hasiko da sare sozialetan, eta asteburuan aipatutako euskarriekin indartuko da.

Era berean, azpimarratu nahi da pandemia honetan erakundeek ez dabela ahaztu behar LGBTIQ persona asko zaurgarriak dirala eta erakundeen laguntzinoa behar dabela; horregaitik, kanpainearen bidez erakundeei neurri espezifikoak eskatzen jakez sare sozialen bidez sortzen dan LGBTIQfobiari aurre egiteko eta, horrezaz gan, beren egoereagaitik arreta berezia behar daben kolektiboko personentzat neurri-egitasmo espezifiko bat lantzeko eskatzen deutse.

Azken buruan, Bilboko Erdialdeko, Alde Zaharreko, Bilbo Zaharreko, Erriberako eta Zabaleko merkatarien alkarteek be bat egin dabe ekimenagaz eta, besteak beste, 250 kartel banatuko ditue euskeraz eta gaztelaniaz beste hainbeste dendatan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu