Saritu egin dabe EHUko zientzialariek balearen begiari eginiko argazkia

Bizkaie! 2020-05-13 10:15   Pil-pilean

NeuroArt Saria emon deutsie Balea-erretinearen ostadarra izeneko irudiari.

'Balea-erretinearen ostadarra' (argazkia: Elena Vecino Cordero eta Luis López Vecino. EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sopelako hondartzan orain dala hile batzuk hilda agertutako baleari probetxua atera deutsie zientzialariek, ikerketa ugari egiteko erabili dabe eta. Aditu talde batek animaliaren begietako bat laborategira eroan eban, baleen ikusmenaren inguruko azterlan sakona egiteko asmoz. Prozesu horretan ateratako argazki bat, Balea-erretinearen ostadarra izenekoa, nabarmendu egin dau SENC, Espainiako Neurozientzia Alkarteak, 2020ko NeuroArt sarietako irudien kategoriako lehen postua emonda.

Elena Vecino Corderok eta Luis López Vecinok atera dabe argazkia, Sopelako balearen begiaren irudi mikroskopiko eta koloretsua. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Zelula Biologia eta Histologiako katedraduna da Elena Vecino, eta zera azaldu dau: Argazkiak nerbio sistemearen eta erretinearen edertasuna azaltzen dau, eta zelulearen antolamendua, tamainua eta proportzionaltasuna nerbio sisteman manteniduten dirala erakusten dau, baita planetako ugaztunik handienean be.

Argazki saritua Balearen begia proiektuaren parte da. Sopelako balearen inguruko ikerketeagaz lotutako erakusketea izan zan hori, eta Bilboko Bizkaia Aretoan erakutsi eben lehenengoz, 2020ko zezeilean. EHUko Grupo de Oftalmo-Biología Experimental edo GOBEk egindako ikerketearen emoitzarik harrigarrienak argazkien bidez aurkeztu zituen erakusketan, artea eta zientzia buztartuz.

Elena Vecinok eskerrak eman deutsez Noelia Ruzafa eta Xandra Pereirori, Balearen begia proiektuan parte hartu daben ikertzaileei eta Alejandro Díez mikroskopia elektronikoko teknikariari, kolaborazioagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu