Bilbon eta Getxon, udal bizikletak barriro martxan

Bizkaie! 2020-05-13 09:05   Pil-pilean

Osasun neurri bereziakaz berrezarri dabe zerbitzua.

Alarma egoerea ezarri zanean, uritarrek egunero erabilten dituen makina bat zerbitzu eta azpiegitura kendu zituen kaleetatik, esate baterako bizikleten mailegurako zerbitzu publikoak. Egoerea bere onera bueltau ahala, zerbitzuok berrezarten hasi dira udalak. Bilbon eta Getxon barriro erabili leitekez bizikletak, neurri berezi batzuk beteta bada be.

Kutsatzeei aurre egiteko jarraibide batzuk bete ezkero, bizikletea garraiobide egokia izan leiteke distantzia soziala gordeteko. Autobus eta trenetako jente piloketarik ez dau eragiten bizikleteak, bana-banaka erabilteko ibilgailua dalako; auto pribaduak be badauka abantaila hori, baina gehiago kutsatzen dau, leku gehiago hartzen dau eta herritar guztiek ez dabe autorik.

Bilboko Udalaren Bilbaobizi zerbitzuari jagokonez, goizeko 07:00etatik gaueko 20:00etara dago martxan, eta gehienez 30 minutuz erabili leiteke bizikletea. Izan be, beharrera joateko edo funtsezko zereginetarako baino ezin da erabili. Eskunarruak eta maskarea derrigorrezkoak dira.

Informazino gehiagorako, 94 656 49 05 telefono zenbakia, bilbaobizi@bilbao.eus helbide elektronikoa eta telefono adimendunetarako aplikazinoa dagoz.

Getxoko Udalak antzeko baldintzak jarri ditu GetxoBizi zerbitzua erabilteko. Eskunarruak hautazkoak dira, baina jantzi ezkero, erabili eta gero bota egin behar dira. Zerbitzuan lehendik abonauta egon diranek baino ezin ditue Getxoko bizikleta publikoak hartu, eta Covid-19 gaixotasuna pasau barri dagozanek zein gaixoren bategaz kontaktua izan dabenek ez erabilteko eskatu dau Udalak.

Kasu honetan be, Bilbon legez, 07:00etatik 20:00etara dago GetxoBizi martxan, astelehenetik zapatura. Lanpostura joateko eta erosketak egiteko erabili leitekez bizikletak. Bilbon zein Getxon, udal beharginek ahalegin handia egingo dabe bizikletak eta mailegurako instalazinoak desinfektau eta garbitzeko, egunean hainbat aldiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu