Ixa ikerketa-taldeak adimen artifiziala aplikau dau COVID-19ren kontra
2020-05-13 08:04 Pil-pileanAEBetan COVID-19 gaixotasunaren inguruko adimen artifizialeko txapelketan saria jaso dau Ixa taldeak.
COVID-19 txapelketea (COVID-19 Open Research Dataset Challenge) hainbat erakundek antolatu dabe eta tartean dira Allen Institute for AI, Chan Zuckerberg Initiative, Georgetown University, Microsoft Research, National Institutes of Health eta Etxe Zuriko Office of Science and Technology Policy. Antolatzaileek COVID-19, SARS-CoV-2 eta beste koronabirus batzuei buruzko 60.000 artikulu zientifiko inguru jarri ditue eskuragarri munduko ikerketa-komunidadearentzat. Horregaz batera, adimen artifizialeko ikertzaileei ekintzarako deia egin eutsen hizkuntzearen prozesamenduan oraintsu egindako aurrerapenak apliketako, COVID-19 gaixotasunaren kontra burrukan dabizen zientzilariei laguntzeko literatura zientifiko horretan lagungarri jaken informazinoa ahalik eta errazen bilatzen.
Sari hori —dino Jon Ander Campos doktorau aurreko ikertzaileak— Ixa taldearen barruan hizkuntzearen prozesamendurako adimen artifizialaren erabileran egindako lanaren autorpena da. Eneko Agirre irakasleak gaineratu dau etenbarik sortzen dan informazino-kantidade handiari aurre egiteko hizkuntzearen prozesamendurako sistemek daben garrantziaren frogea da. Arantxa Otegi doktorau ondoko ikertzailearen arabera, sistemeak 60.000 artikulu konsultetan ditu eta horeetako seiren bat 2020koak dira; beraz, koronabirusari buruzko ia 100 artikulu argitaratzen dira egunero batez beste, zientzialariek horreek denak irakurteko daben kapazidadea gaindituz.
Saritutako sistemea hilebete eskasean zehaztu eben: Taldeak landutako teknologiak erabilten ditue, hizkuntza naturalean egindako galderei erantzuteko eta erantzun posibleak dokumentu askotan bilatzeko sare neuronalak entrenetako aukerea emoten dabenak. Gainera, txapelketa honetarako jorratutako sistemea kapaz da bere burua ebaluau eta erantzunik ez emoteko ziur ez badago erantzuna zuzena dala. Hori dala euren sistemearen gakoetako bat dino Aitor Soroa irakasleak, hola gehiegizko informazinoa gitxitzen baita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!