Erakusketa birtuala Museoen Nazinoarteko Eguna gogoratzeko

Bizkaie! 2020-05-12 12:03   Kulturea

Bizkaiko 30 museok baino gehiagok euren pieza esanguratsuenak laga ditue.

Maiatzaren 18a da Museoen Nazinoarteko Eguna, ICOM edo Museoen Mundu Kontseiluak antolatuta. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak eta herrialdeko museoek bat egin dabe ekimenagaz, eta, osasun larrialdia kontuan hartuta, erakusketa birtuala jarriko dabe martxan. Bizkaiko 30 museok baino gehiagok hartuko dabe parte, bakotxak bere bildumako pieza enblematiko, esanguratsu eta garrantzitsuenetako batzuk lagata, modu birtualean.

Erakusketea maiatzaren 18tik ikusi ahal izango da, horretarako sortutako museoeneguna.eus plataforman. Bisitariek euren pantailan ikusi ahal izango ditue Bizkaiko museoetako pieza bikainak, eta horreen ganeko informazinoa be eskura izango dabe. Pieza bakotxa zehatzago ezagutu ahal izateko, ikus-entzunezko baliabideak atonduko ditue erakusketearen arduradunek. Foru Aldundiak dino maiatza amaitu arte, gitxienez, sarean egongo dala erakusketa birtuala.

Bizkaiko museoetako altxorrak bisitau, eta horreen bidez gure historiaren, tradizinoaren, ohituren, aisiaren, kulturearen, sinismenen, ekonomiaren, artearen eta kirolaren alderdiak ezagutzeko aukera parebakoa dala azpimarratu dau Foru Aldundiak. Antxinako piezen bidez, lanbideak, arrantzea, errementaritzea, meatzaritzea, ontzioletako lana eta jarduera industrialak ezagutuko ditu bisitariak. Bizkaian danetariko museoak dagozanez, Athleticez, ardaoaz eta animaliez be gehiago jakin ahal izango da.

Foru Aldundiak eskerrak emon deutsez erakusketa birtualean parte hartzen daben museo guztiei, proiektu honetarako materiala ixteagaitik. Aldi berean, foru erakundeak herritar guztiak konbidau ditu lurraldeko museoetan gordeten diran altxorrak bisitau deiezen, maiatzaren 18tik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu