Nekatoenea: 2020ko Idazle Egonaldia
2020-05-12 09:54 Kulturea2020ko urritik abendura, Nekatoenea baserrian egingo da, Hendaian.
Elkano Fundazinoak, Iparraldeko hiru kultur eragile erreferentegaz alkarlanean, euskerazko literatur egoitza bat atondu dau Elkano eta lehen mundubirearen testuinguruaren inguruan. Egonaldia 2020ko udagoienean egingo da eta proposamenak jasoteko epea maiatzaren 31n amaituko da.
Sortu zanetik, Elkano 500 Fundazinoak Iparraldeko lurraldeagazko lankidetza aukera bat dala herritarrei kultura-eskaintzea aberasteko ulertu dau, Bidasoaz bestaldeko erakunde erreferenteakaz lankidetzan, beti be helburuak eta lan-erispideak konpartiduta.
Hemen kokatzen da Elkanoren, lehen munduko itzuliaren eta bere testuinguruaren inguruan sormen proiektu bat garatzeko lankidetza-hitzarmena Euskal Itsasbazterra - Ekimenen Zentro Iraunkorragaz (CPIE Littoral Basque - Euskal itsasbazterra), Euskal Kultur Erakundeagaz (EKE) eta Euskal Idazleen Alkarteagaz (EIE). Literatura-egoitzea egiteko deialdia euskerazko idazleei zuzentzen jake.
Ipar Euskal Herriko hiru kultur erakundeek urtero antolatzen daben beka honen hamargarren edizinoa da eta aurten munduari lehen itzulia emon jakonetik 500. urteurrena dala eta, Elkano Fundazinoak bat egin dau antolatzaileakaz eta genero libreko eta euskerazko lanaren gaia Elkanogaz eta zirkunnabigazinoagaz lotuta egon beharko da, bai eta gai periferikoakaz be, esaterako nabegazinoa, esplorazinoa, kartografia, astronomia zein bestelakoakaz.
Egonaldia hilabetez egingo da, 2020ko urritik abendura bitartean, Nekatoenea baserrian, Abbadia inguruan, Hendaian.
Literatura-egoitzea eskuratu nahi dabenek maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dabe hautagaitzea eta posta elektronikoz bialdu beharko dabe proposamena jfrahier@hendaye.com helbidera.
Epaimahaia lau erakunde antolatzaileetako ordezkari banak osotuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!