EHAA-k gaur argitaratu ditu kulturako profesionalentzako laguntzak
2020-05-11 12:38 KultureaBihartik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak, 10 egun baliodunetan.
Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkariak gaur argitaratu dau Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklarautako Alarma Egoerearengaitik jarduera eten edo bertan behera itxi behar izan daben kulturako profesionalentzako diru-laguntzino deialdia. Interesdunek bihartik aurrera aurkeztu ahal izango ditue eskabideak, 10 egun balioduneko epean. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatu dabe kulturako profesionalei laguntzeko programa hau eta 2,5 miloe euroko aurrekontua izango dau. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak pasa dan apirilaren 29an onartu eban deialdia.
Deialdi honen bitartez kulturako profesionalen ekonomia-jarduerea lagundu nahi da, jakinda hareen kultura-jarduerea neurri handi batean eten behar izan dala azken asteotan. Horretarako, Enplegua eta Gizarte Politiketako Sailak, Lanbideren bitartez, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, alkarregaz lan egin dabe laguntzak kulturearen errealidade bereziagaz bat etorri daitezan.
Programa hau zuzenduta dago egoitza personala eta fiskala Euskadiko Autonomia Erkidegoan daben, edadez nagusiak diran eta Persona Fisikoen Errentearen gaineko Zergearen autorpenean artisten jarduera profesionala daben personei (oharraren amaieran, laguntzak jaso leikiezan jardueren zerrendea erantsi da).
Laguntza horreek jaso leikiezan personak, gainera, era esklusiboan ibili behar dira maile profesionalean bertan behera geratutako kultura-jardueran. Jarduera horretan esklusiban dabizela ulertuko da euren diru-sarreren % 60 haretatik eskuratzen dabenean.
Laguntzen zenbatekoa
Laguntzinoaren hileko zenbatekoa hauxe izango da: 2019an izandako dirusarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70aren baliokidea. Gehienez 1.200 euro jaso ahal izango dira hile bakotxean. Persona eskatzailea kultura edo artearen arloan maila profesionalean 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martiaren 13ra hasi bada, biak barne, zenbatekoa 950 euro/hilebete izango da (gitxieneko soldatea, hain zuzen). Era berean, laguntzinoak iraungo dau 2020ko martiaren 14tik harik eta Alarma Egoerea amaitzea agindu eta kultura zein arte-arloko ekitaldi kolektibo presentzialetara itzultzea baimentzen dan azken egunera arte. Gehienezko epe bat ezarri da: 6 hilebete.
Izapidea
Diru-laguntzinoak jasoteko eskaerak Lanbideren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, ahal dala, hau da, www.lanbide.euskadi.eus webgunearen bidez. Baldin eta persona eskatzaileak beharrezko bitarteko elektronikorik ez badau, eskaerea Zerbitzu Orokorretan edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein Enplegu Bulegotan aurkeztu daiteke, baita Administrazino Publikoen Administrazino Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan ezarritako beste edozein bitartekoren bitartez be.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aholkularitza personalizatu bat eta gida bi jarri ditu martxan kulturearen langileei zuzenduta, Covid-19aren krisiaren aurrean martxan jarritako neurri honeen eta beste batzuen barri emoteko. Interesatuek Kulturklik Pro-n eskuratu leikie aholkularitza hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!