Bilboko denden % 60 baino gehiagok gaur edegiko ditue ateak
2020-05-11 07:45 Pil-pileanDenda eta ostalaritza establezimenduen % 80k diru-laguntza publikoren bat eskatu dau.
Bizkaiko uriburuko txikizkako merkataritzea prest dago koronabirusak eragindako egoera larriari aurre egin eta deskonfinamenduaren lehen momentuan jarduerara bueltetako; holan dakar bilbaoDendak-ek bere establezimendu kideei egindako inkesteak: % 60 maiatzaren 11an establezimenduaren ateak edegiko dituala adierazo dau, eta beste % 17k oraindino ez dau erabagia hartu; bestetik, % 21ek momentuz ez dau zabalduko.
Maiatzaren 4ko astelehenetik aurrera establezimendua edegiko ebala % 22k baino ez eban iragarri, % 11 dudan egoan eta beste % 66 negozioa jentearentzako zabalduko ez ebala adierazo eban. Dana dala, ostalaritzako establezimenduak dira gehienbat (ia % 87) hurrengo astelehenean edegiko ez dabenak eta inkestea erantzuteko momentuan dudan egozala adierazo ebenen artean be, sektore hau gailentzen da (% 52).
Ikerketa bilbaoDendak-ek, Bilboko merkataritza eta turismo jarduerea sustatzeko alkarteak jarri dau martxan sektore ezbardinetako saltokiak bertan parte hartuz: Elikagaiak, Moda/Osogarriak, Estetikea, Osasuna, Liburu eta Papel denda, Teknologia, Estankoak eta Zerbitzuak, Ostalaritza eta bestelakoak. Danetara, garrantzizko lagina totalaren % 12aren inguruko baliokidea dala kontuan izaten badogu.
Oro har neurri txikiko negozioak dira: ia % 68k lau behargin baino gitxiago ditu, eta % 13k bederatzi langile baino gehiago. Bestetik, % 78 zarratuta dago martiak 14 eta maiatzak 3 bitartean, % 7k epe honen zati baten bakarrik edegi dau eta % 14k zerbitzua eskaintzen jarraitu dau konfinamenduan zehar. Jardunean egon diran negozioen artean, % 19k euren jarduerea online salmenteagaz edo etxera eroateko zerbitzuagaz osotu dau.
Inkestak dakarren beste datu interesgarrienetako bat negozioen % 80,4k diru-laguntzino publikoa eskatu dauela da, beste % 5,5 batek eskatzeko aurreikuspena dauen bitartean. Administraritza publikoari laguntzinoa eskatu deutsenen artean, % 77k erantzun bat jaso dau honezkero eta horreetako % 74 kasutan erantzuna baikorra izan da. Azken horreetatik, % 63k eskatutako prestazinoa jaso dau.
Denda txiki eta ostalaritza establezimenduen jaubeek euren komentarioak, keja eta iradokizunak bialdu ditue administraritza publikoei arreta eta inplikazino handiagoa eskatzeko edota egoereari aurre egiteko diru laguntzen tramitazinoak arintzeko eskatzeko, besteak beste.
Covid-19 Aholkularitza Osoa
Ikerketa hau establezimendu kideen artean zabaltzeaz gan, bilbaoDendak-ek bere Merkataritza Bulego Tekniko bi lanean bete-betean ditu, bai aholkularitza zerbitzua eskainiz bai Bilboko sektore osoari babesa emonez be. Alkartearen helburu nagusia uriko merkataritzearen profesionaltasuna indartzea da, gure auzoetako aberastasunaren giltzarria izateko.
Egun, Covid-19 pandemiaren harian, aholkularitza zerbitzu osoa eskaintzen dabe alokairu-laguntzak edo bonu elektriko soziala lako gaiei erantzuna emoteko. Horrezaz gan, administraritzeak negozioei laguntzeko aktibautako finantzaketa-lerroak eta horreek lortzeko bete behar diran baldintzak; zergak ordaintzeko zehaztutako epeak; deskonfinamenduan zehar lokaletan hartu beharreko segurtasun-neurriak; jarduerea eteteagaitik laguntzinoak... Horretarako, bilbaodendak.eus webgunean informazino guztia argitaratzeaz gan, konsultak telefonoz 946 00 22 00 edo epostaz egin daitekez info@bilbaodendak.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!