Zortzi artistaren bideoak 2020ko Getxoarten

Bizkaie! 2020-05-11 07:50   Kulturea

Alarma egoerea amaitzen danean tailerrak antolatu nahi ditue.

Getxoko Kultur Etxeak, Getxoarte ekimenaren bitartez, martxan jarri dau Artista bat auzoan izeneko programea, bertoko sormen artistikoa eta publikoaren eta artisten arteko topaketea bultzatzeko asmoz. Maiatzean, aukeratutako zortzi artistek euren lana eta esperientziak erakutsiko ditue bideoan. Guztira, konfinamenduan grabautako zortzi bideo argitaratuko dira Getxoko Kultur Etxearen sare sozialetan.

Helena Goñi, Eztizen La Cruz, Pablo Zabala, Izaro Ieregi, Maitane Sarralde, Pablo Astrain, Regina Zabala eta Natalia García Muro dira Getxoartek aukeratutako artistak, danak be getxoztarrak edo gaur egun Getxon bizi diranak. 10-15 minutuko bideoetan euren artelanak erakutsiko ditue, pinturea, argazkigintzea, ilustrazinoa, jantzea, eskulturea eta performancea erabilita, besteak beste.

Bideoetan esperientzia personalen eta bizipenen barri be emongo dabe, baita ekitaldiak, liburuak eta musikea proponidu be. Horren guztiorren bidez sortzaileen eta publikoaren arteko alkarrizketea bultzatu nahi dabe antolatzaileek. Lehenengo bideoa Helena Goñik egin dau, ikusi hemen.

Azken asteotako itxialdia gatxa izan da artistentzat, ezin izan dabelako euren lana erakusketa edo arte-galerietan erakutsi. Aldi berean, baina, momentu aproposa da sormena biztuteko. Hori dala eta, 2020ko Getxoartek aukerea emon deutse herriko artistei euren lana publikoari hurreratzeko, modu birtualean bada be.

Horrezaz gan, tailerrak eta topaketak be antolatuko ditu Getxoartek, alarma egoereak horretarako aukerea ixten dauenean. Artisten eta publikoaren arteko aurrez aurreko saioak izatea aurreikusi dabe, baina momentuko osasun egoerearen arabera atonduko ditue, baldintza egokidun aretoren baten.

Bideoak eta topaketetako ondorioak Romo Kultur Etxean erakutsiko ditue abenduan, Getxoarte 2020ko Bitartekaritza eta Egoitza Programeagaz batera. Programa horretan parte hartuko daben artista guztiek Bi Hormetara eta Zirri Marra Arte Tailerra espazioen sortzaile diran Miren Begoñe Bilbao eta Ibon Garagarza komisarioek aukeratu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu