Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria, Mikel Mancisidorrentzat
2020-05-08 13:41 KultureaGiza Eskubideen arloan erreferentea dala nabarmendu dau epaimahaiak.
Humanidadeen, Kulturearen, Arteen eta Gizarte Zientzien arloko 2020ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria Mikel Mancisidor de la Fuenteri (Bilbo, 1970) emon deutsie, sariaren bultzatzaileek ohar baten bidez jakitera emon dabenez. Mancisidorrek Giza Eskubideen alde egindako lan oparoa eta urteotan batutako curriculum zabala aitatu ditu epaimahaiak.
Nazino Batuen Erakundean Giza Eskubideen Zuzenbidea gehien garatu daben euskal herritarren artean dago Mancisidor, eta batez be arlo bi jorratu ditu: ura izateko eskubidea eta zientziarako eskubidea. NBEren Batzar Orokorrak 2010ean Uraren Eskubidea autortzeko prozesuan ezinbestekoa izan zan Mancisidorren ekarpena. Unesco Etxeko zuzendaria zan sasoi haretan.
2010etik NBEren Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordeko kidea da eta erakunde horren Zientzia eta Giza Eskubideen inguruko Iruzkin Orokorraren errelatore izan zan. Iruzkina Europar Batasunak eta munduko herrialde ugarik onartu dabe. Klima aldaketeari aurre egiteko burrukan balio handiko testua da.
Deustuko Unibersidadean Zuzenbidean lizentziaduna eta Genevako School of Diplomacyn Nazinoarteko Harremanetan Doktore da Mancisidor. Nazinoarteko erakunde ugariren aholkulari da (tartean, Unescorena eta Osasunaren Munduko Erakundearena), eta lehen aitatutako moduan, NBEgaz lankidetzan ibili da luzaroan. Hemen, Gogora Memoriaren Euskal Institutuko zuzendaritzako kidea eta René Cassin sarietako epaimahaikide da.
Horregaitik guztiagaitik, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sarietako epaimahaiak adierazo dau Giza Eskubideen garapenean erreferente nabarmena dala Mikel Mancisidor mundu osoan. Ahalegin hori, ganera, unibersidadean egindako lan bikainari batu behar jako. Euskal Herriko, Europako eta Amerikako zentroetan beharrean edo lankidetzan ibili da. Azkenik, epaimahaiak azpimarratu dau Mancisidorren etorkizuneko proiekzinoa, gero eta garrantzitsuagoak diran Giza Eskubide batzuetan sakontzeko.
Gazte Saria
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren barri be emon dabe antolatzaileek. Aurten, Alexander Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaizak irabazi dabe, Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat lanagaitik. Epaimahaiak aho batez hartu dau erabagia.
Publiko barrietara heltzeko asmoz, Xabier Leteren obrearen bestelako azterketa bat egin nahi dabe Gurrutxagak eta Otxoa de Alaizak. Errezitaldi musikatu bat sortu eta diskoan argitaratzea da asmoa, beranduenez 2021ean. Egile biak adituak dira Leteren obran: Gurrutxagak haren poetikearen inguruan egin eban doktore-tesia; Otxoa de Alaiza, ostera, Pianoan lizentziaduna da eta Leteren doinuak sakon aztertu ditu.
Epaimahaiaren ustez, proiektuak bat egiten dau sariaren helburuagaz: Humanidadeak, kulturea eta arteak lantzen ditu; gaurkotasun handiko gaia jorratzen dau; ondarea belaunaldi barriei zabaltzeko aukerea eskaintzen dau eta euskerearen erabilerea bermatuta dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!