Bilboko 13 eremutan oinezkoek lehentasuna izango dabe astegoienetan

Bizkaie! 2020-05-08 08:53   Pil-pilean

Jentearen zirkulazinoa erraztea eta piloketarik ez egotea dira helburuak.

Zubizuri eta Campo Volantin, Isozaki torreetatik ikusita; bilbotarrek paseorako erabilten dabe (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ordu jakin batzuetan paseoak eta kirola egitea baimendu dituenetik, jente piloketak sortzen dira Bilboko kale eta plaza ugaritan, osasun aldetik horrek dakarren arriskuagaz, ze segurtasun tartea batzuetan ezin da gorde. Hori ikusirik, oinezkoentzako tartea zabaldu eta ibilgailu motordunen zirkulazinoa mugatzea erabagi dau Bilboko Udalak uriko zortzi barrutietako 13 lekutan. Astegoienetan egongo da martxan neurri berezi hori.

Oinez ez eze, bizikletan ibiltea be bultzatuko dau Udalak. Holan, uriko garraiobideen arteko orekea ezarri nahi dau. Erabagiak ohitura osasungarriago eta jasangarriagoak zabaltzen lagunduko dauelakoan dago Udala.

Oinezkoentzat egokitutako guneak, batez be, plaza, parke eta zabalguneen arteko korridore funtzinoa beteten daben kaleak dira. Danetara, 126.000 metro koadro hartzen ditue 13 guneek, eta araudi zorrotza egongo da astegoienetan: Autoak 20 km/h-ko abiaduran joango dira gehienez, eta oinezkoek lehentasuna izango dabe. Horri esker, espaloia ez eze, errepidearen tarte zabal bat hartu ahal izango dabe oinezkoek.

Ganera, barruti guztietan, jentea ez daiten pilotu eta hara eta hona errazago ibili daiten, asteburu honetatik aurrera luzeagoak izango dira oinezkoentzako tarte berdeak, semaforodun 50 pasabide baino gehiagotan.

Seguruago ibilteko gomendio batzuk be emon ditu Bilboko Udalak. Ahal dala, kale zabalak eta oinezkoentzat ondo egokituta dagozanak erabilteko dinoe, eta, jakina, beti segurtasun tartea gordeteko. Espaloian goazela, eskumako partea erabili behar da, eta aurrez aurre datozanak gure ezkerretik pasau behar dira. Espaloi bi dituen kaleetan, eskumako aldekoa erabilteko eskatu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu