Maiatzaren 18an hasiko dira EAEko ikasleak klasera bueltetan
2020-05-07 13:32 Pil-pileanHezkuntza Sailak plangintzea eta osasun neurriak aurkeztu deutsez eragileei.
Martitik etenda dagoz klase presentzialak Euskal Herrian, Covid-19ak ekarritako larrialdiagaitik, eta ikasleak euren etxeetatik dabiz edukiak jaso eta lantzen. Pixkanaka normaltasunera bueltetea da eragile guztien asmoa, baina hurrengo asteetako egoerea ez danez erraz aurreikustekoa, desbardintasunak dagoz batzuek eta besteek nahi dabenaren artean. Kontuak kontu, Eusko Jaurlaritzeak erabagi dau klase presentzialei berrekitea, baina ez maila guztietan, eta kasu guztietan segurtasun neurri bereziak ezarrita.
Hezkuntza alorreko eragileei argibideak emon deutsez Cristina Uriarte sailburuak bideokonferentzia bidez egindako batzarrean. Ondoko kursootan hasiko ditue klase presentzialak: DBHko 4. mailan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Ziklo aldaketak, unibersidadera sartzeko probak eta halako arrazoiakaitik aukeratu ditue maila horreek.
Osasun arloko datuen bilakaereak ez badau kontrakorik esaten, maiatzaren 18an hasiko dira klase presentzialetara joaten Batxilergoko 2. mailako, Goi Mailako Lanbide Heziketako eta Erdi eta Oinarrizko 2. mailako ikasle eta irakasleak. DBHko 4. mailakoak, Batxilergoko 1. mailakoak eta Lanbide Heziketako ganerakoak 25ean hasiko dira, astebete geroago.
Segurtasun neurri barriakaitik, baina, aldaketa asko igarriko ditue ikasleek. Hasteko, bost orduko ordutegi trinkoa izango dabe egunero, eta etxera joango dira bazkaltzen dan-danak, jantoki zerbitzurik ez dalako egongo. Ikastetxe bakotxeko sarrera-urteerak eta jolastokiko orduak modu mailakatuan antolatuko dira, eta ahal bada sarrerea eta urteerea ate banatatik egingo da. Holan piloketarik ez da sortuko.
Ikasgela barruan, ikasle baten jesarleku batetik bestera metro eta erdiko tartea gorde beharko da gitxienez. Ikasleek, irakasleek zein eraikinera sartzen diran guztiek maskarea jantzita eroan beharko dabe denpora guztian.
Hezkuntza Bereziko ikastetxeei eta gela terapeutikoei jagokenez, maiatzaren 25ean hasiko dira lanean. Araubide bereziko eskoletan zentro bakotxak erabagiko dau zenbat klase presentzial eta zenbat online emongo dituan, dituan ezaugarrien arabera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!