Txosnaganera online igongo dabe aurten Bilboko Konparsek
2020-05-07 11:57 KirolaBagilaren 6an izango da ibilaldi birtuala.
Bilboko Konparsek urtero antolatzen daben Txosnaganeko ibilaldi neurtuaren zortzigarren edizinoa sekula baino arraroagoa izango da, Covid-19aren erruz. Urtero ehundazak mendizalek hartzen dabe parte igoeran, eta era horretako ekitaldi baten osasun neurriak betetea ezinezkoa dala ikusita, ibilaldi birtuala egiteko deia zabaldu dabe.
Dagoeneko izena emon leiteke, doban, baina, jakina, apuntautakoek ez dabe mendira urtengo bagilaren 6an. Horren ordez, bideo labur-laburra bialdu behar dabe parte-hartzaileek, bost segundu ingurukoa. Botak jantzita eta ibilten agertzeko eskatu deutsie, baina ez derrigorrez mendian edo kalean: bardin da irudiak etxeko egongelan grabetan baditue be, zehaztu dabe Konparsetakoek.
Jasotako bideo labur guztiak batuta egingo dabe bagilaren 6ko ibilaldi birtuala. Hortaz, bideoak bialtzea garrantzitsua dala dinoe Konparsek. Maiatzaren 17ra arteko astia dago horretarako, eta Konparsen webgunean zabalduko daben atalean egin leiteke prozesu guztia.
Ohiko egoeran, ibilbide bi egiten ditue Txosnaganeko ibilaldi neurtuan, 19 kilometro eta 967 metroko desnibeldun luzea; eta 13,6ko laburra, desnibel apalagoduna. San Adrian auzoan hasten da bidea, eta Txosnaganera igon eta gero, Atxurin amaitu. Aurten etxeko ordenagailuan baino ezin izango dogu ibilaldiaz disfrutau.
Txosnagane izen deigarriak bultzatuta hasi ziran Bilboko Konparsak ibilaldi neurtua egiten, eta aurtengoa zortzigarren edizinoa izango da. Biderdi eta Larrentxu izenakaz be ezaguna da Ganekogortako bidean kokatutako tontor hori (877 m), Pagasarri baino gorago. Konparsen arabera, ondo pasetako eta naturaz gozetako ekitaldi ez lehiakorra da Txosnaganerako ibilaldi neurtua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!