Gurutzi Arregi hil da, Bizkaiko ondare herrikoiaren ikerlari handia

Bizkaie! 2020-05-06 12:49   Kulturea

Etnografiaren alorrean egin eban lan oparoa erreferente da aditu zein herritarrentzat.

Gurutzi Arregi (argazkia: Bizkeliza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaztetatik zan Gurutzi Arregi ohitura eta tradizinoen zalea, baina 1970eko hamarkadan ekin eutsan buru-belarri ikerketeari. Etniker taldeetan, Labayru Fundazinoan, unibersidadean zein bestelako proiektuetan, gai ugari landu zituan, beti zehaztasun ikaragarriz, eta etnografiaren zein ondare tradizionalaren inguruko dozenaka azterlan plazaratu. Ander Manterolagaz batera, Bizkaian Joxe Migel Barandiaranen lekukoa hartu ebala esan leiteke.

1936an jaio zan Gurutzi Arregi Azpeitia, Lemoan, baina laster joan zan Durangora. Hain zuzen be, Durangaldeko ohitura eta tradizinoak ikertzen hasi zan lehenengo, enpresa batzuetan idazkari ebilen bitartean. Deustuko Unibersidadean Zientzia Politikoetako eta Gizarte Zientzietako ikasketak egiten hasi zanean bihurtu zan zaletasuna ofizio. Joxe Migel Barandiaran ezagutu, eta harek atondutako Etniker taldeetan sartu zan.

Barandiaranen eskutik, etnografia ikertzeari bete-betean ekin eutsan. Labayru Ikastegiko Etnografia ataleko zuzendari bihurtu zan 1978an, Eusko Ikaskuntzako Antropologia saileko presidente hurrengo urtean, eta Eskoriatzako unibersidadean irakasle ibili zan 1983-84an.

Ganera, hainbat erakunderen eguneroko jardunaren arduradun izan zan: Eusko Ikaskuntzan lehendakariorde (1979-1994), Labayrun idazkari (1978-2010), Bilboko Euskal Museoko zein Barandiaran Fundazinoko mahaikide... Langile kantsauezina izan zan Arregi, Labayru Fundazinoak ohar baten azaldu dauenez.

Durangaldean hasi, Bizkaian segidu, eta etnografiaren ikerkuntzea Euskal Herrira eta mundura eroan eban. Adibidez, 1996an Txileko Chiloé ugartean egon zan, Etnikerren inkesten metodologia hango errealidadera egokitzen eta zabaltzen. 

Mugarri diran argitalpenak

Aldizkari zientifiko ugaritan topau leitekez Gurutzi Arregik sinatutako artikulu sakonak. Beste askoren artean, Atlas Etnográfico de Vasconia lan mardularen kolaboratzaile eta koordinatzaile izan zan luzaroan. Sarrera batzuen egile izan zan Diccionario temático de Antropología (Bartzelona, 1988) eta Diccionario histórico de la antropología española (Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Madril, 1994) lanetan.

Baina Gurutzi Arregik idatzi zituan lan guztien artean bat aukeratu behar izatekotan, Bizkaiko ermiten inguruan egindakoa da nabarmenena, beharbada. Bizkaiko baseleiza guzti-guztien informazinoaz gan, hareen inguruko ohitura, historia eta praktikak batzea zan Arregiren helburua, ahalik eta zehatzen eta osoen. Arregik berak behin kontau ebanez, Bizkaiko eskualde guztietako mila lagun baino gehiagogaz egin eban berba, ermiten inguruko informazinoa ezagutzeko.

Hiru aletan datorren Ermitas de Bizkaia da ahalegin horren emoitzea, 1987koa. Ezinbestean konsultau beharreko liburua da Bizkaiko historia erlijiosoaz ezer jakin gura dauenarentzat, eta sarri-sarri aitatzen da ikertzaileen lanetan, dino Labayruk. 1999an Origen y significación de las ermitas de Bizkaia liburua be atera eban, doktore-tesian oinarrituta.

Horren ibilbide oparoak lankideen esker ona eta erakundeen autortzea ekarri deutsaz, ezinbestean. 2004an Durangoko Udalak Aukera Bardintasunerako saria emon eutsan; 2012an Labayru Fundazinoak Ohorezko Laguntzaile egin eban; eta 2015ean Bilboko Eleizbarrutiak Karmelo Etxenagusia saria emon eutsan, kultur-ondarean egindako ekarpenagaitik.

Maitasuna emon eta jaso

Alor zientifikoan ez eze, alderdi personalean be igarriko da Gurutzi Arregiren hutsunea. Mendizale eta bidaiari sutsua, beti familia batuta eukitearen alde egin eban, bost neba-arrebatatik zaharrena izanik.

Gaixotasun neurodegeneratibo baten erruz, Orue egoitzan bizi zan azkenaldion, bart hil dan arte. Covid-19agaitik ezarritako neurri zorrotzakaitik, ingurukoek ezin izango deutsie, oraingoz, behar dan moduko agurrik egin. Dana dala, Ander Manterola abadeak emongo deutso lur gaur bertan, luzaroan Arregiren lankide eta adiskide izan danak.

Gurutzik egin dauen lana egundokoa izan da. Omenaldia merezi dau emakume, etnografo eta eleiztar lez, adierazo dau Gaspar Martinezek, Bilboko Eleizbarrutiaren izenean. Ander Manterolak berak be berba onak izan ditu Arregirentzat, Bizkeliza atariak batutako adierazpenetan: beti besteei, adiskideei, senideei, misinoetako personei… dana emoteko prest. Emakume parebakoa izan da.

Gurean sakon erroturik geratuko da haren irribarre zabala, haren zintzotasun garbia, haren ekin bizia, aitatu dabe Labayrukoek.

Gurutzi Arregi azalpenak emoten 2005-06eko 'Eusko Folklore' urtekariaren aurkezpenean (argazkia: Labayru)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu