Max Sariak 2020ko irailaren 7an emongo ditue
2020-05-06 12:33 KultureaBagilaren 29rako aurreikusita egoan ekitaldia Cervantes Antzokian.
SGAE Fundazinoak, Malagako Udalagaz eta Cervantes Antzokiagaz bat eginik, Arte Eszenikoen XXIII. Max Sariak emoteko hitzorduaren aldaketea iragarri dau gaur, gure antzerkigintza eta jantzako profesionalen talentuaren autorpen handiena diran sarien erantzule legez. Ekitaldia 2020ko bagilaren 29an egitekoa zan eta irailaren 7ra arte atzeratuko da, preminazko aldaketarik ez badago.
Atzerapenaren arrazoi nagusia dira agintariek ikuskizun publikoak egiteari eta personen zirkulazino libreari ezarritako murrizketak, Covid-19 mehatxuaren kontrako prebentzino-neurri lez. Zuzeneko ikuskizunak egiteko egungo ziurbakotasunaren aurrean eta Malagako Udalagaz eta Cervantes Antzokiagaz etenbako alkarlanean, Max Sarien Batzordeak hurrengo edizinoa atzeratu beharra ikusi dau, sariak eta batuko dan publikoaren, artisten eta langileen antolaketeari lotutako persona guztien segurtasuna bermatzeko.
Entzuteko artea goiburupean datoz XXIII. Max Sariak
La Maquiné Granadako konpainiak zuzenduko dau XXIII. edizinoa. Entzutearen artea goiburu nagusi eta ardatz, ekitaldia bizi garen gizartearen gaineko hausnarketa bat izango da, hau da, etenbarik jatorkuzan zarata, teknologia eta estimuluek kutsatua aurrera egiten dauen gizarteari buruzkoa, Joaquin Casanova eta Elisa Ramos La Maquinéko zuzendarien berbetan. Desagertzeko arriskuan dan isiltasunaren aldarrikapena be bada, kanpoko zein barruko isiltasuna.
Lehen aldiz, Malagako Cervantes Antzokian
Lehen aldia da Max Sariak emoteko ekitaldia, izakera ibiltariko sariak izanik, Malagan ospatzen dala, hau da, Malagako uriburuko antzerki kulturearen ikur dan Cervantes Antzokiaren 150. urteurrenean.
Max Sarien izakera ibiltari hori dala-eta, 23 edizinotan zehar Estaduko hainbat antzokitan izan dira; honakoagaz, bost aldiz aukeratu dabe Andaluzia antzerkiko eta jantzako profesionalei egindako autorpen honeen egoitza legez, hau da, 2000. urtean Sevillako Maestranza Antzokian, 2008an uri bereko Lope de Vega Antzokian, 2011n Kordobako Gran Teatro Antzokian eta, 2018an, Sevillako Cartuja Center CITE dalakoan.
3 sari berezi eta 19 kategoria lehian
Arte eszenikoen saririk entzutetsuenak XXIII. edizinora heldu dira, 19 kategoria lehian dirala eta beren hiru sari bereziei eutsiz: Ohorezko Max saria, Arte Eszenikoetan egindako ekarpenagaitik persona baten ibilbidea nabarmenduko dauena; Max Sari Afizionatua edo gizarte-izakerakoa, hau da, integrazinoaren eta proiekzino sozialaren aldeko proiektuak batzen dituana (ArteEszenikoei ekarpen bikaina egiten deutsen konpainia afizionatu batek jasoko dauena); eta, Publikoaren Max Saria. Sari honek, hirugarren urtez jarraian, Max sarien XXIII. edizinoan lehiatzen diran hautagai guztien artean Arte Eszenikoen zaleentzat denporaldi honetako ikuskizun gustukoena autortuko dau. Epea 2020ko maiatzaren 20ra arte dago zabalik eta botazino prozesua #VotaMax izeneko online eta aplikazino mobikorren bitartez bideratzen dagoz. #VotaMax eskuragarri dago Max Sarien webgunean, Android eta iOS-en.
Max Sariak
SGAE Fundazinoak 1998tik antolatzen ditu Max Sariak. Joan Brossa (Bartzelona, 1919/1998) olerkari eta artista plastikoak diseinau eban saria. Sari honeek Espainiako arte eszenikoen arloko autorpenik zabalena dira, gero eta jarraitzaile gehiago ditue eta mueta guztietako konpainien interesa pizten dabe; 2019ko maiatzaren 20an. Valladolideko Calderon Antzokian, 3.200 hautagaitza profesional eta 359 ikuskizun aurkeztu ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!