Zabaldu dabe Kimuak 2020 deialdia

Bizkaie! 2020-05-06 11:02   Zinemea

Bagilaren 30era arte bialdu leikiez film laburrak euskal zinemagileek.

Hasiera baten, Covid-19agaitik, atzeratu egin eben 2020ko Kimuak programan hautagaitzea aurkezteko prozesua, egoerea pixka bat argitu arte. Beraz, ohi baino beranduago, baina aurten be badator Kimuak, euskal film laburrak bultzatzeko ekimen publikoa. Parte hartu nahi daben sortzaileek bagilaren 30era arteko epea dabe euren lanak aurkezteko.

Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dau programea, Euskadiko Filmategiaren laguntzinoagaz, eta aukeratutako pelikulak Kimuak izeneko katalogoan sartuko ditue. Nazinoarteko jaialdi eta azoketan erakusten ditue katalogo horretako filmak, eta, hortaz, zinemagile gazteentzat aukera bikaina da euren lanaren barri emoteko. Egile beteranoagoentzat be mesedegarria da Kimuak-en katalogoan sartzea, film laburren zirkuiturako atea zabaltzen dau eta.

2019ko bagiletik hona egindako pelikulek hartu leikie parte deialdi honetan, eta gehienez 30 minutukoak izan behar dira. EAEko produkzinoetara mugatuta dago programea; hortaz, zuzendaria edo produktore nagusiak Araba, Bizkai edo Gipuzkoan erroldatuta egon beharko dira, eta, produkzino-etxe batek aurkezten badau filma, egoitzea EAEn izan beharko dau.

Baldintza horreek bete ezkero, nahi beste film aurkeztu leikez hautagai bakotxak; hori bai, telebista, plataforma digital edo aretoetan estreinau bako lanak baino ez. Kimuak-era bialdu aurretik, film labur bakotxa gehienez 25 zinema-jaialditan aurkeztu izana onartuko da.

Osasun larrialdia dala eta, hurrengo aste edo hileetan gizartean eta kulturan egongo dan bilakaerea aurreikustea ezinezkoa da. Hartara, Kimuak-eko arduradunek adierazo dabe baldintza, epe edo oinarrietan aldaketak egon leitekezala. Irakurri oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu