Xabier Landaburu Fernandez de Betoñoren heriotzaren 57. urteurrena da gaur
2020-05-06 09:45 KultureaJose Antonio Agirre lehendakariaren kolaboratzaile garrantzitsuenetako bat izan zan.
Xabier Landaburu Fernandez de Betoño Gasteizen jaio zan, 1907ko irailaren 5ean. Gazte-gaztetatik erakutsi eban gaitasun aparta ebala eta jaioterriko Santa Maria ikastetxean Batxilergoa amaitu ondoren, Zuzenbide ikasketak egin zituan Valladolideko Unibersidadean eta edade-nagusitasunera heldu aurretik amaitu zituan; hori dala eta, denpora laburrez, ezin izan eban abokadutzan jardun. Aldi horretan, prensan kolaboretan hasi zan, El Heraldo Alavés egunkarian eta El Día egunkarian.
Edade-nagusitasunera heldu eta berehala, bulegoa edegi eban baina frankisten matxinadearen eraginez, erbestera joan zan abokadu arabar gaztea. Hasieran, etxean jarraitu eban, baina, azkenean, Frantziara iges egin behar izan eban, mugea Elizondotik igarota, auto baten maletategian ezkutauta. Parisen, euskal ordezkaritzan ibili zan beharrean eta bertan segidu eban, nazien okupazinoak iraun artean be bai. Eskasiaz eta dudaz beteriko urte hareek Konstantine Illarramendi emazteagaz batera emon zituan. Angelun (Lapurdi) ezkondu ziran eta aldi horretako poz bakarra senar-emazteen zazpi seme-alaben jaiotzea izan zan. Paris askatu ondoren, Landaburuk eten barik lan egin eban euskaldunen alde.
Xabier Landaburuk lotura handia izan eban jaioterriagaz eta Gasteizen sustatutako era guztietako gizarte-ekimenetan parte hartu eban. Ekimen horreen izena eta ospea jagoten eta ezagutarazoten saiatu zan, esaterako, Aita Vitoriaren izakera gasteiztarraren alde egindako ahaleginetan. Bitxia bada be, Landaburu izan zan Deportivo Alaves taldearen ereserkiaren berben egilea eta Aranburu maisuak idatzi eban musieka. Eusko Ikaskuntzan eukan parte-hartze garrantzitsua, bere lurragazko konpromisoari helduta, Arabako lurraldean euskerea lantzea helburu eban Baraibar taldea sortu eban.
Gazte-gaztetik, Landaburu Arabako abertzaletasun politikoaren buruzagi behinenetakoa izan zan, EAJko zuzendaritzako kide zala eta, esangura horretan, 26 urte besterik ez zituala, 1933an, lurralde horrek aukeratutako lehen diputadu abertzalea izan zan eta euskal lurraldeentzako estatutuaren aldarrikapena izan zan haren helburu nagusia.
Gerra Zibila hasi zanean, erbestera joan eta Parisko euskal ordezkaritzan egoala, Jose Antonio Agirre lehendakariaren kolaboratzaile garrantzitsuenetako bat izan zan. Landabururen zeregin nagusienetakoa, igeslariei laguntzea izan zan, Euskaldunen Lagunen Nazinoarteko Ligearen bidez, bai eta asmo europazalea bultzatzea be, Nazinoarteko Talde Barrien kide sortzaile lez. Talde horrek Europako Demokrazia Kristinaua sustatu eta hari eskaini eutsozan bere ahaleginen eta ilusinoen zatirik handiena. Landaburu izan zan EAJk, batez be, Bigarren Mundu Gerratik aurrera jorratu eban politika europazalearen bultzatzaile nagusietako bat. Europa batu eta indartsu baten alde, Euskadik beste nazino batek bezela parte hartu ahal izango leuken Europa federal baten alde, bat dator Agirre doktrineagaz.
Agirre lehendakaria 1960an hil ostean, Xabier Landaburuk Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen kargua hartu eban euskal gobernuak Jesus Maria Leizaola buru ebala, hil zan arte, 1963an, gaurkoa lako egun batean.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!